Gorringoa ala zuringoa

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano Irazusta 2023ko azaroaren 26a

Urteetan egon naiz etxean arrautza prijiturik jan gabe. Asteburuetako otorduetarako uzten nuen okasio hori, uzten banuen. Seguruenik dieta osasuntsuaren itsutasunak eraginda egingo nuen. Kontua da orain gutxi berreskuratu dudala arrautza etxean jatearena. Bada, igande iluntze hartan, gorringoa ogitan bustitzearekin bat, txikitako zapore ahaztu eta ezagun horrek zentzumenak astindu zizkidan. Lozorrotik esnatuta, barru-barruraino sartu zitzaidan, nire irudimenean sukalde zaharra ikusteraino.

Zapore berdeskubrituaren plazerean nenbilela, aspaldian eleberri batean irakurritakoaz gogoratu nintzen: arrautza prijitua jateko moduak norbere nortasunaren berri ematen omen du, neurri txiki batean, behintzat. Lehen-lehenik ogiarekin gorringoa hausten duenak nahiago izango du aurrena gozatu eta gero egin beharrekoak egin. Kontrara, zuringo guztia jan eta azkenerako gorringoa uzten duenak nahiago izango du aurrena egitekoak egin, eta ondoren egon. Noski, denok dakigu erdibidekoa ere badagoela, baina onartu behar da metaforak baduela bere logika.

«Zapore berdeskubrituaren plazerean nenbilela, aspaldian eleberri batean irakurritakoaz gogoratu nintzen: arrautza 'prijitua' jateko moduak norbere nortasunaren berri ematen du, neurri txiki batean, behintzat»



Nire kasuan profezia bete egiten da. Urte askoan ez naiz «lasai» geratu izan egin beharreko hura egin arte. Amari ikasia izango da, gogoan baitut anaia eta bioi nola esaten zigun solemnitate osoz: «Aurrena egin, eta gero egon». Baina urteek eta bizitzak berak erakutsi didate batzuetan hobe dela prokrastinatu -gauzak gerorako utzi edo atzeratu, alegia- zereginak fundamentuz egingo badira. Batzuetan, osasun mentalaren izenean, atsedena edo gozamena lehenetsi behar dela eginbeharraren aurretik. Ze hori da bestea, zenbat alferreko betebehar egozten dizkiogun geure buruari, derrigorrezkoak balira bezala. Bizimodu azkarregi eta presazko honek beste aukerarik utziko ez baligu bezala.

Honetara ezkero, zeure buruan galdera sortu bada, irakurle, bide onetik eraman zaitut. Eta aspertu aurretik, neurea erantzungo dizut. Bai, orain arrautza prijitua gorringotik hasten dut. Akaso bizitza bera gehiago dastatzen hasi naizen seinale.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!