Ordezkaezinak

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2023ko uzt. 23a, 07:59

Mundua mundu denetik emakumeari etxearen ardura eta zaintza zamatu zaizkio. Mendez mende naturaltzat eta ia derrigorrezkotzat hartua izan dena, azken hamarkadetan jarri da zalantzan, eta ez gutxi kostata, zorionez etxekoandrea orain ez da soilik etxeko.

Ni jaio nintzenean emakume eta ama asko ziren etxekoandre, orduko etxekoandre esan nahi dut, alegia, etxetik kanpora soldatapeko lanik ez zeukana. Beti bigarren mailan, egiten zuten lan gogorrari izkin. Gure amak, esaterako, gazte sasoian fabrikan lan egin ostean, lanari utzi zion gu sortu ginenean. Normaltzat neukan, ez nizkion gaiari bi buelta ematen. Eta lotsa pixka batekin aitortzen dut orain akaso neronek ere ez niola behar besteko merezimendurik ematen egiten zuenari. Gogorra eta duina etxetik kanpokoa balitz bezala.

Horregatik ez zait ahaztuko Mexikon ginela emakume batek erantzundako hura. Taxian gindoazen eta gidaria hizlaria oso, gure lanbideaz galdegin zigun. «Ama de casa, orgullosa y feliz», erantzun zuen gure ondokoak. Harridura gehiago sortu zidan esandakoak baino nola esan zuen, erabilitako tonuak bazuelako aldarrikapenetik zerbait, oso jakitun egindakoa.

 

«Urteak alferrik pasatzen ez direnez, beste behin nire hitzak jatea tokatzen zait. Niri ere tokatu baitzait etxeko ardura izatea, eta onartu dezagun, dena txukun eta antolatuta izatea nekagarria da»



Urteak alferrik pasatzen ez direnez, beste behin nire hitzak jatea tokatzen zait. Niri ere tokatu baitzait etxeko ardura izatea, eta onartu dezagun, dena txukun eta antolatuta izatea nekagarria da. Gaur egungo begiradarekin, paradoxikoa iruditzen zait hain beharrezkoa eta egunerokoa den zerbaiti nola kendu diogun garrantzia, kasik isiltzeraino, hautsa kentzeak estatusa kenduko baligu bezala. Denok egin behar, baina nahiago ez. Pentsa, orain nahiago ditugu ezezagunak sartu etxean, zereginekin arnas pixka bat har dezagun.

Eta hori ere erabat balekoa da, aizue. Eragiketa berak aitortzen baitigu zer beharrezkoa den etxekoandre/etxekogizon/ etxeko langilearen lana —beste artikulu baterako emango luke kontratatutako horien lan baldintzek, baina ezin aipatu gabe utzi—.

Beraz, etxekoandre edo etxekogizon, oraindik ez badakizu jakizu ezinbestekoa dela egiten duzuna, zure lana ordezkaezina da. Eta nik ozen diot: etxekoandrea naiz eta harro nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!