In memoriam

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2023ko eka. 5a, 07:59

Berriki gure etxean bi urtemuga izan ditugu, gurekin ez dauden senideena hain zuzen. Gehiago kontatu gabe, lotsa pixka batekin aitortuko dizuet bat zeharo pasa zaidala -bai, nire memoria hobetu daiteke-, eta hara!, errudun sentitu naiz.

Eta kulpatik harago, pentsatzen jarri naiz norbanako bakoitzak nola bizi izaten dituen data esanguratsu horiek, bereziki tristeak direnean. Samina eramangarria egin denean, eztarrian trabatzen ez zaigunean, nola gogoratzen ditugu? Ingurukoekin partekatzen al dugu egun horren esangura? Ez baita gauza bera esatea «gaur gurasoak ezkondu zirela 20 urte dira» edo «duela hiru urte joan zitzaigun amona» (nola ez, eufemismoak hil aditza saihesteko). Aztertzen hasiz gero, nabarmena da bietan urteurren baten berri ematen ari garela, baina esan gabe doa sententzia bakoitzak sentiarazten diguna zeharo desberdina dela, eta gainerakoengan sortzen dugun erreakzioa ere halakoxea da. Hortxe dago gakoa. Ez dugu zaurgarri edo ahul agertu nahi besteen aurrean. Pozgarria kontatu, tristea isildu.

Orduan bururatu zait ez dela bidezkoa. Ez dela bidezkoa behin gurekin egon zirenak, zoriontsu egin gintuzten horiek hain erraz ahaztea. Eta badakit ez ditugula ahazten, nahita ere ezingo genuke, baina zentzu batean ez hitz egitea ahaztea ere bada, isiltzea izan direla ahaztea da.

Bateren bati auskalo noiz auskalo non entzun nion nahikoa dugula bizirik gaudenokin, zer eta hildakoekin kezkatzen hasteko. Ados, aurrera egin behar da, ez dauka erremediorik. Baina horra beste topikazo bat: guk ez baditugu oroitzen beste inork ez du egingo. Horrela soilik egon daitezke bizirik, gure memorietan bada ere.

 

«Bakean geratzen gara maite ditugunekin gogoratuta. Sanoa da, gizatiarra, humanoa. Beraz, zergatik lotsatu?»



Konturatuko zineten azken urteotan indarra hartu duela memoriaren ariketak. Erreparaziotzat hartzen da senitartekoak duintasunez oroitzea, gure lurraldean areago, gerra zibilak lokaztuta eta zapalduta hainbeste dauden honetan. Gaizki ulerturik gabe, ez nuke konparaziorik egin nahi. Dena den, eskala txikiagoan bada ere, bakean geratzen gara maite ditugunekin gogoratuta. Sanoa da, gizatiarra, humanoa. Beraz, zergatik lotsatu? Zer dela eta erreparo hori? Ozen esan dezagun zeintzuk izan ziren, ondorengoek izan dezatela euren berri. Nork bere erara, baina oroitu ditzagun, mesedez. Memoria sano baten alde.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!