Bada, nik ez dizut ezer berririk esango, honezkero badakizun zerbait baizik, baina nahi nuke kontatuko dizudan honek ni bezain beste kezkatuko bazintu. Hor doa laburbilduz: berriki argitaratu den VII. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskararen ezagutza gorantz doa, baina erabilerak ez du kopuru berean gora egiten (ez naiz sartuko orain datuen interpretazioan).
Hain zuzen, horrexek nauka asaldatuta: erabilerak. Eta ez dakit nola demontre adierazi behar dizudan zuri, herritar xume hori, berebiziko garrantzia duela hizkuntza erabiltzeak bizitasuna eta etorkizuna izango badu, eta zuk horretan eragin zuzena duzula. Ez dakit nola esan behar dizudan zure hitz bakoitzak arnasa ematen diola euskarari.
«Eta ez dakit nola demontre adierazi behar dizudan zuri, herritar xume hori, berebiziko garrantzia duela hizkuntza erabiltzeak bizitasuna eta etorkizuna izango badu, eta zuk horretan eragin zuzena duzula»
Ez dakit enegarrenez errepikatu behar dizudan hizkuntza ohiturak etxetik hasten direla, ez dela nahikoa haurra ikastolara bidaltzea, haurrak belarriak dituelako (sorpresa!), eta zer entzun, hura egin. Honezkero badakizu predikua: alferrik egingo diozu(e) umeari euskaraz, zuen/helduen artean gaztelaniaz aritzen bazarete.
Ez dakit nola esan zuri ere, herriko dendari edo langile, euskaraz ulertzen dutenekin hala egiteko, konplexurik gabe gainera, nahiz eta bezeroak hizkuntza aldatu. Bezeroak beti arrazoia omen, hizkuntza eskubideetan ere bai?
Edo zuri gazte, nola adierazi sentitzen dudan atsekabea eta etsipena ikastetxetik atera ahala gaztelaniara aldatzen duzuenean... Ez dakit nola esan behar dizudan ikasi duzun euskara horrek ere ondo pasatzeko balio duela, ligatzeko, serie edo pelikulez hitz egiteko, dantzatzeko...
Urrutirago joanez, ez dakit nola ulertarazi behar diegun batzuei orain arteko hizkuntza politikek huts egin dutela, D ereduak ez duela miraririk egiten, eta fokua erabileran jarri behar dugula, ez ezagutzan. Eta beraz, tituluak erdi doan emate hori burugabekeria hutsa dela.
Ez dakit nola demontre oihukatu behar dugun euskarak egiten gaituela euskaldun, eta badela sasoia behingoz ekiteko. Hitz egin, erabili; ez dago besterik. Herritar maite hori, benetan hainbesteko esfortzua eskatzen dizu horrek?
Ez dezagun utzi profezia bete dadin: geure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak izango al gara?