Korrontearen kontra

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano Irazusta 2023ko urtarrilaren 22a

Zaila da zeure buruarentzako tarte bat hartu duzunean berriz mundura bueltatzea. Zaila da gorputz-buruak hainbeste aldiz eskatutako atsedenaren ondoren errutinara bueltatzea. Zaila da eguerdiko 12:00etako kafeari ezetz esatea, edo lagunago egin diren lagunei gero arte esatea.

Niri ez zait zaila egin, ez naizelako bueltatu. Arrazoiak nire golkorako gordeta, ikusi ditut aurpegi zimelak eta eroritako animoak, hurrengo oporraldia noiz den kalkulatzen hasitako egutegiak. Horrelaxe bizi gara: lan-sistemari lotuta, soldatatxo (miserable bat?) eta jaiegun eskas batzuk izatearen truke.

Baina batzuetan egunerokoak gainezka egin, eta badira ezetz esatera ausartzen direnak. Ezetz gustuko ez duten lanari; ezetz ordu arteko presio eta oreka faltari; ezetz erritmo azkarregi eta frenetikoari; ezetz denbora larregian eroandako maskarari. Edozein arrazoi tarteko, badira euren buruarentzako denbora amaigabe zein intermitentea hartzen duten ausartak. Stop. Reset. Miraz eta inbidiaz begiratzen diet, nortasuna eta balentria behar baita horrelakoak egiteko.

 

«Esango nuke korrontearen kontra dabiltzan horiek guztiek bizi dutela benetan bizitza, bere betetasun osoan»



Egin memoria. Gutako edozeinek du inguruan dena utzi eta bizikletaz kontinente osoa zeharkatzea erabaki duen bizizale horietakoren bat. Edo bizitza osorako lan finkoari uko egin eta artista izateko apustua egin duen ero hori. Edo isildutako guztiak kontatzeko beharra sentitu eta maisulan bat sortu duen herriko ezezaguna. Esango nuke korrontearen kontra dabiltzan horiek guztiek bizi dutela benetan bizitza, bere betetasun osoan.

Eta gainerako gehienok konformatu egiten gara, edo gustura gaude, zertarako gehiago. Hobeto ezagutzen dugun bizilegearekin. Gaizki ulertu gabe, hori ere bada aukera ona: arrazionala izatea, bizitzari gehiegi ez eskatzea, daukazuna —ez baita gutxi!—balioesten jakitea.

Zaila da egonkortasunaren epelari ihes egin nahi izatea. Eta nik nire goxotasunetik bada ere, miresmenez begiratuko diet beste behin. Zaila delako korrontearen kontra igeri egitea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!