Halaxe nindoan egunero bezala etxerako bidean, eta hara non ikusi nituen liburutegi parean, espaloia erdizka hartuz, hiru bat neska. Ume gorputz oraindik, koreografia antzeko bat egin nahian zebiltzan, euren adats eta melenak astintzen, esku eta gerri mugimenduek lagunduta. Segituan etorri zitzaidan burura: tik-tok.
Ez ditut kontatu horretantxe topatu ditudan gaztetxo taldeak, baina ez dira gutxi izan. Orain pentsatzen jarrita, inozentea behar luke ekintzak berak. Zer du, bada, txarretik dantza egiteak? Ez dakit zehazki zergatik, baina senak diost ez dela dirudiena bezain sanoa. Ziurrenik, denbora-pasa horren atzean besteengan eragin nahia dagoelako, gainerakoen onespena izatea. Eta ez da berria, betidanik nahi izan dugu besteen gustuko izan, baina nago ni nerabea nintzenean munstroa ez zela hain handia.
«Ez dakit zehazki zergatik, baina senak diost ez dela dirudiena bezain sanoa. Ziurrenik, denbora-pasa horren atzean besteengan eragin nahia dagoelako»
Gaur egun, ondo ohartuta gaudenez, zenbakitan kontatu daiteke arrakasta soziala: ditxosozko jarraitzaile edo followerrak, askoren helburu bakar eta nagusi. Pentsa, milaka lagunek diru iturri ederra lortzen dute 15 segundotako bideoak igoz, zenbaiten kasuan ogibide bihurtzeraino. Gazteek youtuber izan nahi dutela? Influencer?
Ez dira inozoak, tendentzia edo joera jarraitzen ari dira, funtzionatzen duenaren harian. Benetan kezka sortzen didana da goizegi iristen zaiela hau guztia, oraindik nor diren jabetzen ari direnean, eta justu nortasun propioa eraikitzeko garaian, besteekiko dependentzia handiegia sortzen zaiela. Atseginaren menpe, ez gustatzeak dakarren frustrazioari aurre egin ezinik. Ez naiz aditu, baina ez zait iruditzen kasualitatea nerabeen artean antsietate eta depresio kasuak bikoiztu izana. Eta bai, gerora ikasiko dute kritikoak izaten, euren burua babesten, baita zentzuz jokatzen ere. Ordurako, ordea, orbainak handiegiak izan daitezke.
Tik-tak. Denborak ez baitio gezurrik. Eta ez du barkatzen.
Gure etxean ere ez. Lerrook idazten ari naizen bitartean hortxe ikusi baitut gure zapaburua, bi urtera iristen ez dena, mugikorra hartu eta hatza pantailan irristatzeko ahaleginetan. Tik-tak. Akabo. Beranduegi da, borroka galdu dugu. Orain etsaiarekin bizitzen ikasi behar.