Gogoan hartzekoak, berriz

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2022ko uzt. 24a, 20:58

Udan ez daukazu oporrik. Uztailaren erdirako nazkatuta zaude opor-lekuak entzuteaz. Horren arabera ere ingurukoak sailkatu ditzakezula pentsatu duzu, eta joko bihurria hasi duzu buruan.

Badaude irlazaleak direnak: Menorca, Mallorca, Ibiza, eta Kanariak. Ordena ez dakizu, baina urte gutxian ezagunenak eginak izango dituzte.

Beste multzo batean pilatuko zenituzke munduaren beste puntara joateko ohitura dutenak: Vietnam, Thailandia, Filipinak, Japonia, Australia... Gutxienez hiru aste, ze badakizu, bestela ez du merezi.

Familia izandakoak ere badituzu inguruan, eta noski, halabeharrez aldatu zaie atseden lekua: Espainiako kanpin edo resortak, pentsio osoan hotelak edo apartamentu turistikoak. Hori bai, kostaldetik gertu eta entretenimendua inguruan, umeen gozamena lehenetsita.

Abenturazaleak ere bai, noski. Gutxi batzuk badituzu motxilan bizitzekoak hartu eta nomada antzera dabiltzanak. Europara edo Hego Amerikara gehienak, lagunartean edo bakarrik.

«Uztailaren erdirako nazkatuta zaude opor-lekuak entzuteaz. Horren arabera ere ingurukoak sailkatu ditzakezula pentsatu duzu, eta joko bihurria hasi duzu buruan»

Eta nola ahaztuko dituzu furgonetazaleak! Horiekin denak balio du; kostaldea, Pirinioak, Europako hiriak, Suitzako Alpeak, Italiako Dolomitak... Aurten agian ez dute luzatuko hainbeste egonaldia. Erregaia, bai.

Badakizu zerrenda luzatu dezakezula, baina bere horretan uztea erabaki duzu. Asko ez dira herritik irtengo, gehienez ere pueblora. Horiek ez dute zure sailkapenean lekurik. Tira, ez diezu lekua egin. Hala ere, berdin gozatuko dute atseden egunez. Berdin egongo dira maite dutenekin, berdin elkartuko dira mahaiaren bueltan eta mundua konpondu. Badakizu, eta ahaztu egiten zaizu, ez duzula behar askorik bizitzeko. Ondo bizitzeko. Gogorarazi egin behar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!