Esan gabekoak

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2021ko ira. 12a, 20:58

Nereak hondartzarako plana egin du. Toalla pausatu orduko aldameneko bikotearen elkarrizketa ozen samarrak inbaditu dio lasaitasuna. Tonu gartsu eta hizketa moldeak ez du zalantza handirik uzten. Gazteak, ez dituzte hogeita bost izango. Datorren ikasturteari buruz ari dira. Bata zalantzati mintzo da, egin nahi duen masterra garestiegia nonbait, eta gustukoa izango duen jakiterik ez…

Hobe agian beste baterako uztea. Besteak orduan Au Pair ume zaintzailearen aukera aipatu dio, ingelesa ikastearekin batera atzerrian egoteko aukera ez litzateke txarra. «No sé, no sé», kidearen erantzuna. Isilunea. Aholku emaileak orduan bere asmoak arrapaladan bota dizkio, halako harrotasun ondo disimulatu batez. Marketin kurtso bat egingo duela ingelesez, C1 maila (ez, ez euskarakoa) nota onaz gainditu baitu eta gaitasun nahikoa izango duelakoan... eta gainera horrek curriculumean zer ondo emango dion. Orain ez, baina kasik hurrengo urtean frantsesari helduko diola. Badoaz uretara.

Haize brisa ederra sartu da. Oso polito geratu zaio esan gabeko aholku sorta. Enegarrenez ohartu da besteentzat dituela beretzat nahi lituzkeen hitzak.

Nereak ezin izan du irribarre txikia saihestu. Gogoan du unibertsitateko karrera amaitu ostean sentitu zuen bertigoa. Lanerako jauzia ez zitzaion hain erraza egin, eta denbora intermitente hori lauzpabost ikastaro egiteko aprobetxatu zuen, ditxosozko curriculuma puzteko. Proiektuak zituen, hau egingo dut eta beste hura; atzerrira ere joatekotan egon zen, baina lan aukera ustel batek hegoak ebaki zizkion. Bizitzaren herenera helduta, ez ditu esandako erdiak bete. Zirkunstantziek beste norabide bat hartzera behartu zuten, eta damutzen ez den arren, oraindik geratu zaio egin gabekoaren pena.

Nereak argi du aurreko bikoteak berak baino ikasketa maila altuagoa izango duela, halakoa da lehiakortasuna gizartean. Horregatik gustura esango zizkien pare bat kontu. Hartzeko laaaaasai, ahal dela esperimentatzeko eta probatzeko, munduko denbora guztia dutela aurretik, fakturak ere ordainduko dituztela geroago ere. Eta ezarritako helburu guztiak betetzen ez badituzte ere, ez dela ezer pasatzen, ez daitezela sentitu ezdeus edo frakasatu. Bizitzak jirabira asko dituela, eta batzuetan komeni dela eraman zaitzan uztea.

Haize brisa ederra sartu da. Oso polito geratu zaio esan gabeko aholku sorta. Enegarrenez ohartu da besteentzat dituela beretzat nahi lituzkeen hitzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!