Eutsi

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano Irazusta 2021eko apirilaren 9a

Guk balio dugulako. Ezaguna egingo zaizue kosmetika etxe ezagun batek azken hamarraldian darabilen leloa. Ezin esan txarra denik. Motza eta indartsua, batez ere ahalduntzearekin zerikusi zuzena duelako. 

Eta oraindik are hobea edo inpaktanteagoa litzateke leloaren atzean dauden salgaiengatik ez balitz: urteen joanari aurre egiteko produktuak. Uste dut guztiok imajinatzen duzuela emakume eder eta azal ezin leunagoa duena zimurren aurkako krema miragarria iragartzen, zoriontasunaren keinu gorian. Bi neurona ondo ezarriak dituenak badaki publizitatearen trikimailu hutsa dela, produktuak promesten duenaren laurdena -edo gutxiago- egingo duela, baina dagoeneko zuk irentsi duzu emakume ederra eta haren irribarre eztia. Ez da berria. Dagoeneko ohituta behar genuke, baina mezu horiek guztiek airean diraute etengabean: «Aizu polit hori, orain gazte eta lerden zaude, dena duzu bere lekuan baina azkar mugitzen ez bazara azal zimurra izango duzu eta ipurdi eroria, eta zer esanik ez soberako kilo horiei buruz. Egizu zerbait, laztana».

"Bi neurona ondo ezarriak dituenak badaki publizitatearen trikimailu hutsa dela, produktuak promesten duenaren laurdena edo gutxiago egingo duela, baina dagoeneko zuk irentsi duzu emakume ederra eta haren irribarre eztia"

Borroka. Emakumeok borroka egin behar dugu une oro mezu horiei aurre egiteko, eta ez da erraza beti entzungor egitea. Denak horretara bideratzen gaituelako. Aldizkarietako portadek. Sare sozialek. Telebistak. Zinemak. Erakusleihoek. Emakumea beti eder, argal eta gazte. Norberak badaki borroka horretan zein den bere lekua. Badakigu edertasuna erlatiboa dela, azalekoa edo superfiziala, eta munduko politena izateak ez gaituela asebeteko, ez eta zoriontasunera hurbilduko. Hala ere, tranpan eroriko gara, eta ni lehena. Nire komuneko apalean ez da falta krema eta kosmetikarik. Neure burua zaintzeko egiten dut, nire ahalduntasunagatik, neure buruarekiko maitasunagatik, eta era berean badakit besteen begiak ere begira ditudala. Niretzat zein zuentzat egon nahi dut eder.

Alabaina, kasik hori bigarren mailan geratzen da. Larriena da kontua ez dela aldatu azken hogei urteotan. Benetan? Ez al dugu ezer ikasi? Antza denez, ez. Edertasunak unibertsala, atenporala eta iraungitze datarik gabea izaten jarraitzen du, diru iturri erraza. Eta gizarteak polit eta gazte irauteari halako garrantzia ematen dion bitartean, ez da hain erraza izango nork bere burua maitatzea. Bitartean, barne ariketa egiten jarraitu beharko dugu. Borroka. Beti borrokan. Eutsi. Guk balio dugulako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!