Familiaz

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2021ko urt. 24a, 19:58

Oraindik arrazoia oso argi ez duzun arren, ama izatea erabaki duzu. Burua eta gorputz osoa absorbitu dizu haurdunaldiak, nahi baino gehiago, egia esaten hasita. Eta zure burbuilatxoan zaudela, halakoren batean anestesiatik esnatu eta ohartu zara zure barruko txikiak zer-nolako zortea izango duen munduratuko den tokian munduratzeagatik.

Ez baita botikarik apenas iristen den Libanon jaioko. Ez baitu lehen etxebizitza gisa errefuxiatu kanpamentu bat ezagutuko. Ez zaiolako janik faltako, ez fardelik, ezta babeserako arroparik ere. Aitzitik, mila eta bat gutiziarekin haziko da zuen miraria, arnasten hasi eta bizitzen ikasten joango den heinean. 

Garaiotan asko hitz egiten da zaurgarriak diren horiez hitzak berak ere nekatu egin zaitu dagoeneko. Bada, gainerakoekiko errespetu osoz, haurrak munduko izaki hauskorrenak direla esango zenuke. Haur batek ez duelako baliabide propiorik afera txikienei aurre egiteko; erakutsi egin behar zaio, babestu, eta beste ororen gainetik, mimoz eta maitasunez zaindu, kariñoa eta afektua transmititu. Horregatik miresten dituzu hainbeste euren etxeko atea ireki eta umeok beso zabalik hartzen dituzten familia horiek guztiak.

Zalantza duzu ume bat izateak ez ote duen egoismo purutik: zer eta munduan milaka haur etxe baten beharrean daudenean, gu geureak izaten tematzen gara

Badira urte batzuk harrera familien berri izan zenuela. Oraindik ondo akordatzen zara zer-nolako txundiduraz entzun zenion harrera amari beren bizipena kontatzen. Ederra iruditu zitzaizun ekintza. Ez dakizu altruista ote den edo ez, baina argi duzu horrelakoak behar direla, eta babesa behar duten zientoka haurrek lehenengo aldiz familia baten goxotasuna zer den sentitu dezaketela.

Gogoetan murgilduta zabiltzala zure pentsamendua harago joan da. Zalantza duzu ume bat izateak ez ote duen egoismo purutik: zer eta munduan milaka haur etxe baten beharrean daudenean, gu geureak izaten tematzen gara. Baina zuk ere harreraren aukera buruan izanagatik, oraindik ez duzu pausoa eman. Norbait behar bezala zaindu eta maitatzeko gutxieneko eskarmentua behar dela iruditzen zaizulako. Edo aitzakia hori bederen sinesgarria egin zaizu.

Badakizu guraso izateko moduak ugaritu egin direla; orain ez zara hasiko zerrenda egiten. Argi dagoena da beti ez dugula zertan naturaren esku utzi. Naturala ere badelako erditu ez duzun norbait berdin-berdin maitatzea. Zergatik ez egin are naturalago?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!