Halabeharrez

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2020ko mai. 18a, 08:47

Ikasi dut halabeharrak badituela alde onak. Ikasi dut txalo zaparradak urrutira iristen direla. Ikasi dut balkoiak erakusleiho ezin hobeak direla. Ikasi dut bakarrik uste baino gehiago egon naitekeela, ene pentsamenduen lagun naizela. Ikasi dut —adituen aholkuen kontra— pijaman lan egiten, bi egun dutxatu barik egoten. Ikasi dut pantailekin adiskidetzen eta kasik youtuber izaten.

Baina etsipenez ikasi dut dirua ustela dela, eta osasuna ez dela lehenesten. Ikasi dut goikoak loratzen direla eta behekoak zimeltzen. Batzuei udaberria ez zaiela iristen. Saminez ikasi dut bakardadea inoiz baino krudelagoa izan daitekeela, eta bakarrik hiltzeak gogorra behar duela.

Berandu ikasi dut dendari txikiak gehiago miresten, herrikoak gehiago estimatzen, zaurgarriak direnak mimatzen. Era berean ikasi dut ezer egin gabe egoten, aspertzen, isiltasuna balioesten. Harriduraz ikasi dut sormena merkea dela, etxeko tramankulu xumeena aliatu dela. Eta sukaldean moldatzen naizela. Ikasi dut sofan mozkortzen eta ero moduan dantzatzen. Txandalean ere ondokoa zirikatzen. Ikasi dut detaile txikiez gozatzen eta bizipoz txikiak asmatzen.

Ezinbestean ikasi dut maiteenak faltan sumatzen, azal fereka baten beharra sentitzen. Lotsaz ikasi dut batzuontzat askatasuna kapritxosoa dela, eta beste batzuek miraz amesten dutela. Ikasi dut mugak lausoak direla, gaur ni naizela eta bihar zu. Pozez ikasi dut elkartasunak kolore ugari dituela eta mila forma hartzen dituela. Irribarre bat ezin pagatuzkoa dela. Atsekabez Ikasi dut batzuk isildu egin direla entzun diezaiegun, eta beste batzuek isilik egotea hobe luketela. Inoiz baino argiago ikasi dut alferrikako bidaietan galtzen garela, behar ez dugunaz inguratuta bizi garela, gauzak diruditenak baino sinpleagoak direla. Konturatzerako ikasi dut lau hormen artean bizitzen, eta halatan ere ez dela ezer pasatzen.

Ikasi dut (...) munduak bere herio gordinenean ere bizitzea erabaki duela. Halabeharrez ikasi dut halabeharrez ikasten dugula.

Ikasi dut gure birikak bete eta munduak arnasa hartu duela. Gelditzeak aurrera egitea esan nahi duela. Munduak bere herio gordinenean ere bizitzea erabaki duela. Halabeharrez ikasi dut halabeharrez ikasten dugula.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!