Ardi beltzak

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2019ko urt. 12a, 21:00

Ez zaitut oso serio hartzen. Adierazpide soila zara, antolamendurako sortua, eguzkiaren eta ilargiaren zehaztasun faltaren ondorio, erlijio katolikoaren oinordeko, dena esaten hasita.

Amaitzear zinela joan nintzen zinera, azaletik ezagutzen nuen banda hori apur bat nireago egiteko asmotan. Esan dut, ez naiz ikusi zaharra, baina oraino barruan ditut Queen-en melodia itsaskorrak eta, oro har, pelikulak eragin didan zirrara eta samurtasuna.

Izan ere, ardi beltza beti da ardi beltz, baina hark ere esnea zuri. Freddie Mercury handia iraultzailea izan zen, hain handi eta iraultzaile, ondorengo belaunaldiongana ere iritsi baita haren izena eta izana. Lotsa izpirik gabe agertu zion munduari, nor zen; oholtza zapaldu orduko hasi zen garairako zeharo extrabagante edo nabarmena zen jantzitegia erakusten, berak soilik zuen dotorezia, molde horretan. Bandaren izena ezingo zukeen hobeto aukeratu, pistako erregina baitzen bera. Badakigu, ostera, haren musikarako abileziak eta ahotsak bezainbesteko morboa eragiten zuela bere sexu orientazioak. Horretan ere eredugarri izan zen abeslaria, eta aho bizarrik gabe adierazi zuen bisexuala zela, nahiz eta gainerako aferak –naturala denez– bere kolkorako gorde. Eta haren ustekabeko heriotzak, mundu erdia tristatzeaz gain, lehen lerrora ekarri zuen GIB/Hiesa delako gaitza, ordura arte ezezagun eta isildua, Mercuryri azken hatsa eman ziona. 1991n izan zen, ez aspaldiegi, baina artean gaitz horrek hil zezakeen... Pentsa non gauden orain.

Pelikulak hunkituta eta uzkurtuta utzi ninduen eta, onar dezadan, mitoa gutxiegi ezagutu izanaren erruduntasun puntua ere soinean eraman nuela, beharbada, istorio errealak ez zuelako happy end biribilegia izan. Gaitzak eraman zuen betiereko legenda bihurtu zena, ditxosozko osasun gabeziak.

Zu ere joan bezala etorri zara, beste izen batekin bada ere. Ez dut inoiz eskari berezirik izan, baina zure azkenetan ikusitako pelikulak eman dit zer pentsatua: bai, osasuna eskatu nahi dizut, niretzat eta ingurukoentzat, eurekin bizitzaz gozatzen jarrai dezadan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!