Korrika txikian

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2018ko mar. 18a, 12:07

Goizeko sei eta erdietan esnatu zara hamarretarako lanera sartu behar duzunean. Bezperan ateratako arropa jantzi duzu arrapaladan, dutxatzeko beranduegi dela ohartu eta aurpegia ur freskotan sartzearekin nahikoa izango delakoan.

Umeei gosaria ia aho zulora sartu behar izan diezu, eta korrika txikian eraman jarraian ikastolara. Gaur zuri tokatzen zaizu 300 metro horiek egitea, hala adostu zenuen gurasoekin, ez zenituela egunero behartu nahi aitona-amonak esklabotzara.

Lantokira iritsi bezain pronto laneko zereginetara jarri zara, eta eguerdia iritsi zaizu oraindik egiteko duzun guztian pentsatuz. Baina ez zara ernegatu, lasaiago hartzen ikasi baituzu, sin falta egitekoak ez baitira agian hain presazkoak. Bazkaltzeko tarteari beste txiki bat lapurtu diozu, eta ixten ez duten dendarantz abiatu zara (berriro ere korrika txikian) afalartekoak erostera, zerbait eman beharko diezu eta etxeko munstroei.

Iluntzean zure seme-alaben aita topatu duzu maitekiro eurekin erdi jolasean, dagoeneko txikipark eternoa bihurtu den egongelan pailazokeriatan. Muxu azkarra eman dizu ezpainetan agur gisara, eta zer moduz eguna gaineratu. Ea hobeto lo egin duzun, gaur azkarrago irteten saiatu dela eta aurpegi hobea duzula. Makillajea dela erantzungo zeniokeen, baina eutsi egin diozu beste behin, eta sarkasmoa irribarrez estali duzu, ohi duzun bezala. Ez baituzu onartu nahi saldu dizuten zoriontasun horrek ez zaituela asetzen; osatu duzun familia gertatu zaizun onena izanagatik ere, zerbait falta duzula. Zuretzako tarte bat agian, amaz gain beste zerbait ere bazarela sentiarazten zaituen zerbait. Emakumea ere bazarelako, eta laguna, eta maitale.

Hori ere eskatu egin behar ote duzun galdegin diozu zeure buruari, norbera izaten jarraitzea, alegia. Baina atoan baztertu duzu ideia, eta eskatzea ez, zuzenean egitea erabaki duzu. Gizarte itsu honek ez dizulako akaso eskatuta ere ezer emango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!