Zenbaitetan, ordea, egoera hori are nabarmenagoa izan ohi da, herrian antolatzen diren jai edo ekimenak kasu. Batzuek auzolana deituko diote, beste batzuek herrigintza, edo baita elkarlana ere. Hartzen duen izena hartzen duela ere, helburua bera da: norberak bere aletxoa, bere denbora eskaintzea ingurukoen gozamenerako, eta, gainera, musu truk.
Hortxe dago koska, doako laguntza dela. Eta sentsazioa dut gero eta gehiago kostatzen zaigula debalde laguntzea. Nork ez du entzun txosna turnoak osatzeko jendea falta dela? Edo bazkaria zerbitzeko ezin osatu hori? Edo trafikoa bideratzeko baten bat falta dela?
Ezin da ukatu oraindik orain herri eskuzabala garena, adibide argiak dira orain gutxiko Nafarroa Oinez edo Kilometroak jaiak, esaterako. Eskerrak zorioneko boluntario horiei! Ziur naiz denok ezagutzen dugula gure herriaren alde edozer egiten duen hori, plaza erdian monumentua merezi duen hori (edo horiek). Atzeko lanak egiten dituztenak, itzalpean daudenak, isil-isilik dihardutenak. Eta askotan, eskerrak ere ez genizkion / genizkien emango. Neroni ere zaku horretan sartzen naiz, eta lotsa sentitzen dut.
Herri bizi batean bizi nahi badugu, herriak aurrera egitea nahi badugu, guztiok egin beharko genuke ahalegin txikia, ahal dugunean, bederen. Izan gazte, ez hain gazte edo heldu. Teoriak ondo barneratu ditugun arren, gehiago ematen ikasi beharko genuke, trukean ezer jaso gabe. Eta hori ez bada gurea, gutxienez eskerrak ematetik has gaitezke, zer gutxiago.