Gazi-gozo

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano Irazusta 2017ko uztailaren 9a

Duela bi hilabete aspaldian ikusi gabeko ikaskideekin egin genuen hitzordua. Askotan ahaleginak egin arren, deialdiak arrakastarik ez eta hurrengo batean egingo genuela zin egiten genion elkarri. Azkenekoan, ordea, ikaskideetako batek kontatutako berri ona aitzakia hartuta, elkartu egin ginen. Bost urte azkenekoz egon ginenetik; lotsarik ez.

Bazkaldu bitartean unibertsitateko korridoreetara itzuli ginen; barrez oroitu genituen izandako irakasle on eta ez hain onak, lagunarteko lige eta xelebrekeriak, Bilboko zazpi kaleetako egonaldi luzeak…

Unibertsitatean geundela izango ginenarekin amesten genuen. Begiak dir-dir begiratzen genion etorkizunari, zuhur baina ilusioz, beldur puntuaz, baina, aldi berean, adorez. Orain, bost urte beranduago, bakoitzak bere bizitza erdi eraiki dugu; batzuek helburu zuten hori lortu dute (poztekoa, benetan), beste batzuok bestelako bideak jorratu ditugu, eta, hala, dirudienez, gure lekua bilatzen ari gara mundu honetan. Bazkal ondorengo txolartean elkarri galdetu genion ea berriz ere ikasketa berak egingo genituzkeen. Betiko mamu eta damuak dantzan… zalantzak sortu ziren, nola ez. Halaber, alferrikakoa iruditzen zait egin ez zenuen zerbaiten inguruan hipotesiak egitea, egin banu eta ez banu joko horretan sartzea; horrelaxe gertatu da eta kito. Eta gertatu ez bada, lasai, laguna! Ziurtasun osoa baitut denborak bakoitza bere lekuan jartzen duela.

Bost urte baina atzo izan balitz bezala. Bitarte horretan baten bati ile urdinak atera zaizkio; besteren batek orrazkera eta lanbidea aldatu ditu; hurrengoa sasoi betean jarri zaigu; laugarrena telebistako izar bihurtu da, eta bada laster alabatxoa izango duenik ere.

Horrelakoetan konturatzen gara hegan doala denbora, eta behin hain lagunak izan genituenak ezagun bihurtu direla, ezezagun edo arrotz beste zenbait kasutan. Aurrekoan, ordea, poza hartu nuen hain maite izan nituenak oraindik maite ditudala konturatzean, ikaskide ohiak ez ezik, lagunak direla ohartzean.

Zapore gazi-gozoarekin itzuli nintzen gau hartan etxera. Gozoa, adiskidetasuna eta harremana bera berreskuratzeagatik; gazia, berriz, elkarrekin egon gabeko une guzti horiengatik. Sarri askotan gure bizitzaren parte izandako horiek errazegi baztertzen ditugu. Istant bat, ostera, nahikoa da galdutako denborari zukua ateratzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!