Klinex

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano Irazusta 2017ko maiatzaren 14a

Mundu erdiaren antzera, iragan Aste Santuan neronek ere lagunekin egin nuen lauzpabost eguneko irteera. Han ere euskaldunak lepo, eta sekulako jendetza elkartzen ginen kalean, batez ere, iluntze aldera. Ustekabekoa hartu nuen, ordea, udan egunero irekita egon ohi ziren dendak itxita ikustean.

Tira, ezusteaz gain, poza ere sentitu nuen, oraindik ere gutxi batzuek negozioaren gainetik atseden hartzeko eskubidea lehenesten dutelako. Geroago ohartu nintzen, halaber, orain ixtea erabaki zuten komertzioek, ziurrenik, uda osoan (astegun eta igande) lan egingo zutela, eta orain ixte hori merkatarien ordutegien legeak hala agintzen duelako izan zitekeela. Izan ere, kontsumoak zeharo harrapatu gaitu. Kontsumo absurdoak, beharrizanaren ondorioa ez den horrek.

Ezin da ukatu kontsumoa ona eta beharrezkoa dela, gastatu ezean inortxok ere ezin baitu soldatarik irabazi, kate erabat logikoa da. Baina azken urteotan kontsumoak ekarri duen erabili eta bota delakoak erabat beldurtuta nauka. Kamisetako orbana zaila dela kentzeko? Merke-merke erosiko dut beste bat. Ordenagailua motel dabilela? Bada, tablet bat. Piknikerako plater egokiak falta zaizkidala? Plastikozkoak erabili eta zakarretara. Klinex gizartea sortu dugu.

Okerrena da ia guztiok barneratu dugula berria erosteko joera hori, erabat arrunta bihurtu da. Eta birziklatzearen alde egiten duena, edo, besterik gabe, ez erostearen alde egiten duena, nahi gabe bada ere, epaitu egiten dugu. «Honek ez dauka nahikoa diru» pentsa genezake, edo «zer zuhurra den hau» .

Oker banengoen, lagunek berretsi zidaten susmoa: azaletik komentatu nien nire eskuko telefonoa ez zebilela oso santu, bateriak oso gutxi irauten ziola eta, beraz, beste bateria bat erosi nahi nuela. Segituan erantzun zidaten ea zergatik ez nuen telefono berria erosten, orain Interneten aukera handia dagoela (hori baita bestea, Internet!) eta ehun euroren truke telefono «ona» eros nezakeela, txino horietakoa. Inori ez zitzaion burutik pasa nire aukera, eta pasa bazitzaien, hobe bestea. Berria denak dirdira berezia duelako, estreinatzeak plazerra eragiten digulako, eta oraindik gutxiagorekin bizitzen ikasi ez dugulako.

Musuzapiek aspaldi utzi zioten musuzapi izateari. Neronek ere poltsan paperezkoak daramatzat. Eta lotsatzen naiz, gure aseezina medio, mundu hau agortzen ari baikara, klinexago egiten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!