Pantailak

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2017ko mar. 12a, 20:02

Goizeko hamarretan bilera. Esku artean duzu gorriz zirriborratutako agenda, boligrafoa eta ondoan telefonoa. Igande aspertua zure betiko tabernan, lagunekin. Mahai gainean edariak, litxarreriak, eta iPhone sorta. Edo elkartean bazkaria. Plater eta zapi artean lekua egiten diozu telefonoari.

Adituek izena jarri diote telefonoarenganako menpekotasunari: nomofobia. Berriki espainiar kazetari ospetsu batek telebista saioa osatu du honen gehiegizko erabilera dela eta. Telefono konpainia ezagun batek ere telebistako iragarkia atera zuen Gabonetako kanpainaren harira: hamar urte inguruko haurrarekin egin beharreko hitzarmena, honek telefono mugikorra eskura zezan. Falta zena. Bikaina publizitate ikuspegitik, baina higuingarria gizartearen begietatik.

Bai, sutu, indignatu egiten baikara ume bat telefonoari adi-adi ikusten dugunean. Are gehiago sumindu kale kantoian lauzpabost ume pantailari so daudela konturatzean. Kalea korri egiteko lekua delako, buila egin eta erortzekoa, erreka ertzera joan eta zapaburu bila ibiltzekoa. Haurrari mespretxuz esango diogu zer demontrerako behar ote duen berak eskuko telefonoa, guk amari garrasi egiten geniola kaletik balkoira atera zedin, hitzordua aurrez ipintzen genuela. Eta bla bla bla. Baina ahaztu egiten gara gu ere umeak izan ginela, eta guk ere helduak izan nahi genuela. Zigarroak erre, beraiek bezala. Ardoa edan afaltzeko eta berandu oheratu.

Ez dago esan beharrik telefonoarekin gaixotu egin garela; larria da oso. Okerrena da ez dugula ikusi nahi, eta berdin jarraitzen dugu, uneoro aparatua ondoan dugula, ea noiz entzungo hain ezaguna zaigun soinu hori.

Ez dut uste alferrik esaten denik haurren eredu garenik. Jarri dezagun praktikan, beraz. Agian, telebista gutxiago ikusi eta libururen bat irakurri behar genuke, edo aldizkariren bat, sikiera. Telefonoa begien bistatik kendu. Seme-alabekin partxisean aritu.

Pantaila gutxiago, mesedez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!