Garena

Erabiltzailearen aurpegia

Izenburua partidu politiko baten eslogana izan daiteke, edo bertako produktuak kontsumitzeko kanpainaren aldeko leloa. Gauza ugari ezkutatzen dira lehenengo pertsona pluralaren atzean, beste hainbeste singularraren kasuan ere.

Aurkezpenak egiterakoan da oso nabarmena. Egin ezazu proba: Galdetu zure ondokoari aurkez dezala bere burua. Zer erantzungo luke? Beste xehetasun batzuen artean, ziur lanbidearen berri emango dizula. Lanbideak nor den argiago utziko balizu bezala. Lanbideak nortasuna islatuko balio bezala. Lanbideak izate osoa hartuko balio bezala.

Zuhur samarra bazara, honezkero konturatuko zinen horixe bera egin zuela elkarte batek. Euskal Herriko zenbait ospetsu bildu zituzten, eta kamera aurrean nork bere burua aurkez zezan eskatu zieten. Guztiek ogibidea aipatu zuten. Kamera atzekoak, orduan, hauxe bota zien: «Aizu, barkatu, zertan aritzen zaren kontatu diguzu, baina guk nor zaren jakin nahi dugu».

Klak. Batzuek hasperen bat egin zuten, beste batek begiak zerura eraman, egon zen irribarre txikia egin zuenik ere, aurkikuntzaz ohartu balitz bezala. Aurpegiko keinu txiki bakoitza salatari. Iragarkiaren atzean NAIZEN zegoen, adingabe transexualen familien elkartea. Zer gauza sinplea eta eraginkorra, zer sinple adierazi zuten identitatea bezalako gai konplexua. Izan ere, zertarako konplikatu, zertarako ibili itzulinguruka argi baldin badago: zuk erabakitzen duzu zer zaren.

Egia da iragarkiak zerikusi gehiago duela kondizio fisikoarekin, bistan da mezua dela hankartean duzunak ez zaituela gizon edo emakume egiten, baina esan gabe. Sutil. Esaten ez denak asko esaten baitu. Egiten ez duzunak bezainbeste.

Horregatik defendatzen dut eguneroko jardunak ez zaituela zertan baldintzatu, ez pertsona hobe edo okerrago egiten, ez nor zaren esaten. Inondik inora. Eta hala ere tematzen zara norbait ezagutu orduko zer egiten duzun adierazten, ia nahitaezkoa balitz bezala.

Esango duzu esajeratzen ari naizela, eta lanbideak baietz, lagunaren inguruko pista eman diezagukeela. Ados, ez dizut ukatuko. Baina zuk ere onartuko didazu lan egiten duzula sosak irabazteko, eta benetan zaren hori bestelako egoeretan adierazten duzula, sentitzen duzunetik, sentitzen zarenetik. Sentitzen zarena zara, sentitzen garena gara.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!