Udaberrituz

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2018ko mai. 30a, 20:32

Erakusleihoaren beste aldean dago trantzean, aurrean duen ostadar koloreak lelotuta. Guztiak ere ederrak iruditzen zaizkio, bakoitza bere bizian eta dotorezian. Ausartu da azkenean dendara sartzen, eta segundora etorri zaio dendaria laguntza eskaintzera. Zer nahi duzu, txiki?

Loreak nahi nituzke. Segituan ohartu da bere erantzunaren zentzugabekeriaz (bestela ez zen bertan egongo, argi dago), eta arrapaladan gaineratu du: sasoi honetan jartzen diren horietakoak.

Dendariak segituan antzeman dio loreez ezer gutxi dakiela, eta maitekiro dendaren eskuin aldera erakarri du, aurrean dituenak erakusteko asmotan. Luzeegia iruditu zaioan minutuan lorezainak hainbat azalpen eman dizkio; honek asko luzitzen du balkoian, apenas behar du zaintzarik; bibaza deitzen diren hauek ere izugarri ematen dira...

Mariak ez du oroitzen iaz zeintzuk eraman zituen, eta bere memoria kaxkarra madarikatu du, bigarrenez aste horretan. Amari deitzekotan egon da, baina ez dauka bere sasi-aholku-errieta aguantatzeko aldarterik.

Eguzkitako betaurrekoak soinean dituela sartu da hilerrira, nola filmetan ziento bat aldiz ikusi duen. Ibilbidea gutxitan eginagatik ere, zuzen-zuzen joan da helmugarantz. Beste behin irakurri du buruz dakien epitafioa, eta hotzikara ezaguna sentitu du azalean, orain oilo-ipurdia dena. Ez daki zergatik denborak ez dion sentsazio hori leundu; ez du ulertzen oraindik ere zintzurrean traba astuna sentitzearena. Denbora kapritxosoa da oso.

Pozik joan da, aspaldi irabazi baitzion pozak tristurari bataila. Isilik egoten da bere hormari begira. Lasai. Bakean. Elkarrizketa isilean.

Ia osorik zimelduta dagoen landareari erreparatu dio; lur berria eskatzen du. Oparitan bildutakoagatik ordezkatu du gustura, eta udaberriko lehen printzak sumatu ditu, petalo moreen disimuluan.

Ez da itzuliko hurrengo urtera arte. Ezta beharrik ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!