Etxean nahi ditugulako

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Etxeberria 2014ko urtarrilaren 3a

“Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea”. Horixe da, hain zuzen, urtarrilaren 11n Bilbon izango dugun hitzorduaren leloa.

Urte berriaren atea irekitzearekin batera eta Gabonetako ajea pasatzear den honetan, batzuek amets berriak izaten dituzte, beste batzuek bizitza aldatzen dute eta beste asko eta askok gure etxeko egutegietan hain garrantzitsua den egun hori gorriz markatua izaten dugu, ezin delako ahaztu zenbat kide falta zaizkigun gure herri eta auzoetan.

Hunkigarria da milaka eta milaka pertsona Bilboko kaleetan barrena La Casillatik hasi eta udaletxeraino, preso eta iheslarien aldeko aldarria eginez ikustea. Eta are hunkigarriagoa izango da aurtengoa, ez delako izango manifestazio arrunt bat. Bilbon elkartuko garen pertsona bakoitza ur tanta bat izango garelako eta tantaz tanta itsasoa sortuko dugulako. Sekula ikusi ez den itsasorik handi eta koloretsuena.

Tanta izan behar dugu eta iturritik datorren edozein kolore, neurri edo forma duen tanta bezala elkar batu behar dugu, egungo egoera oso larria delako eta eskatzen duguna oinarrizko giza eskubideak errespetatuak izatea delako, besterik ez. Hain zaila al da ba sakabanaketarekin amaitzea eta gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eskatzea?

Egoera honek amaiera bat behar du eta denon artean lortu behar dugu!!

Zu ere garrantzitsua zarelako, izan zaitez tanta, elkartasun itsasoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!