Ardiak bezala

Erabiltzailearen aurpegia Oihane Mateos 2019ko urtarrilaren 26a

Gabonak pasa berri dira. Onartu beharra daukat, beste askori ez bezala, asko gustatzen zaidan sasoia dela Eguberrietakoa. Egia da kontsumismoaz kutsatutako egunak direla. Norberak jarri behar muga! Beste gauza askorekin gertatzen den bezala. Baina, kalean dagoen giroa, koloreak eta usaina, oso gustuko ditut, herri txiki nahiz hiriburuetan.

Donostiak erabat txundituta utzi nau Gabon hauetan. Sekula baino argi gehiago jarri dituztela iruditu zait eta politagoak, gainera. Iaz bezalaxe, aurten ere, Gabonetako azoka jarri dute. Egurrezko etxetxo horiek, argiak... Europako hiriburu askotan aspalditik egiten dena.

Eta noria... Ezin ba, idatzi hau bukatu, noria aipatu gabe. Oharkabean ez da pasatu, behintzat. Jesus! Hori da kritika pila! Garestia zela; handia; hiriaren eredu txarra; ilara amaigabeak sortu dituena; ardiak bezala bata bestearen atzetik joaten garela dioten kritikak...

Ez nator bat kritika horiekin. Beno, bai, ardiak bezala garela deritzot nik ere. Noria baino adibide aproposagoa jarri nahiko nuke: Behobia- Donostia lasterketan milaka lagunek ematen dute (duzue) izena, eta ez dut sekula horren kritikarik entzun.

Beste adibide bat: Zegama- Aizkorri. Jendetza batzen da urtero, milaka lagun, Aizkorrira bidean lasterkariei pasilloa egiteko. Lau hankako ardi ugari, egun horretan mendian.

Eta azken adibide bat: Gabonetako loteria erosteko ilara luzeak. Ardiak bezala, urtero, aldamenekoari tokatuko zaion beldurrez. Espero dut, ilara horietan, apustu etxeen aurka dabiltzan horiek ez egotea. Akaso loteria ez al da apustua?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!