Beldurra

Erabiltzailearen aurpegia Oihane Mateos 2018ko azaroaren 11

Ez zait sekula burutik pasa MTVren sari banaketa horretara joatea. Aspaldi jakin zen albistea eta hilabete asko eman ditugu komunikabideetan iragartzen baina ez naute sekula halakoek erakarri.

Behin MTV urakana pasa denean, onartu behar dut txundituta utzi nautela bertako irudiek; koreografia, janzkera, argi festa... baina ez erakartzeraino. Alegia, ez zait damutu joan ez izana.

Badauzkat inguruan, noski, sari banaketan izandakoak (lanera joandakoak) eta liluratuta geratu direnak. Telebistan entzun nituen nik ere bertatik txoratzen atera zirenak...

Baina, noski, honen guztiaren aurka daudenak ere badaude. Bilbon, esaterako, herritar plataforma bat mugitu da. Eta esan beharra daukat protesta honekin bat datorren jendea ere badaukadala inguruan. Guztiz kontra, gainera.

Ni ez nago kontra. Erakarri ez arren, memelokeriatik gertu dabiltzan jarrerak ikusi arren abeslari eta jarraitzaileen artean. Arrotza da oso guztia niretzat. Baina ulertzen dut Bilborentzat ona izan dela. Nazioarteko oihartzunagatik, batik bat. 180 herrialdetan jarraitu da gala hori telebistaz. Pentsa sare sozialetan ze buelta mordoa eman duten irudi horiek. Hain argi ez daukat horrek guztiak Bilboko taberna eta ostuetan dirurik utzi ote duen. Denda, taxi gidari, jatetxe... antzeman ote dute?

Ulertzen dut, era berean, kontra egotea.

Baina nola liteke MTVren etorrerak haserretzea, bertako abeslari eta sortzaileei arreta jaten dielako, eta Halloween festak nonahi ospatzeak inor ez harritzea? Horrek bai mintzen nauela. Eta urtetik urtera normalizatzen ari da. Festa erraldoiak egiten dira lokal handietan, ehunka pertsona joaten dira. Herriko taberna txikietan ere dekorazio berezia jartzen hasiak dira. Begi hauekin ikusi nuen Ibarran bertan. Eta haurrei gau horretarako mozorroak erosten gurasoak. Beldurra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!