Ausardiaz

Erabiltzailearen aurpegia Oihane Mateos 2018ko ira. 9a, 09:46

Badira Euskal Herrian hiru gai uki ezinak. Iritzia ematen zailak direnak. Ez dakit esaten zergatik baina hala sentitzen dut. Eta hiru hauek dira: bertsolaritza, mendi lasterketak eta feminismoa.

Eta azken honekin ausartuko naiz iritzi lerro hauetan. Ez nuke inor haserretzerik nahi, baina nire iritzia emateko gogoa daukat. Errespetu osoz esan nahi dut ez zaidala batere gustatzen feminismoak hartutako bidea. Ez zait gustatzen pankarta eta leloetan erabiltzen den tonua. Ez naizelako eroso sentitzen.

Tonuaz ari naiz. Esaten dena garrantzitsua delako, baina nola esaten den ere bai. Esaterako, «la talla 38 me aprieta el chocho» edo estatu osoan ezaguna egin den «en mi coño y en mi moño mando yo»... eta hauekin batera manifestazio askotan entzun ditudan esaldiak dira belarrira min ematen didatenak.

Ez zait sekula gustatu gizonezkoen ahotan «chocho», «chochete» eta hauen familiakoak diren hainbat hitzekin emakumezkoei buruz hitz egiten entzutea... Eta orain gu?

Hainbat herri eta hiritan «hemen ez dugu eraso matxistarik onartzen» edo antzekoak irakurri ditut. Ba nik beste esaldi bat proposatu nahiko nuke : «Hemen ez dugu erasorik onartzen», gizonezko edo emakumezkoenak izanda ere. Badakit proportzioan aldea beldurgarria dela, eta ez ditut konparatuko. Baina eraso guztien aurka egon behar dugu. Emakumeek ere hainbat dibortziotan gizonezkoak erasotzen dituztelako. Krudelki. Zikin. Itsusi. Eta gizarte honek halakoak salatzeko arazoak dauzka, indarkeria matxista askoz gehiago delako, eta ez luke hala behar.

Eta tonuarekin batera jarrera ere garrantzitsua da. Lanagatik gerturatu naiz sarri askotan halako protesta ekitaldietara. Batzuk aurpegi txarrak (nire ileagatik ote), beste batzuk begietara begiratu ere ez (urdinak ez zaizkie gustatuko akaso) eta okerrenek bizkarra eman, eurengana gerturatu eta balorazioren bat egitea pentsatu duten edo adierazpenen bat egiteko asmoa duten galdetuta. Jarrera hori ez zait egokia iruditzen.

Nik ez dut gizonezkoen aurka borrokatu nahi. Baina emakumezkoen aurka ere ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!