Argi izpi bat Amezketatik

Erabiltzailearen aurpegia Oihane Mateos 2018ko eka. 3a, 09:53

Hilabete honetako iritzi artikulua idazteari askotan ekin diot. Hasi, aurreneko esaldia idatzi, ezeztu. Horrela behin eta berriz. Gaiarekin ezin asmatu, ezin erabaki. Izan ere, azkenaldian, Espainia aldetik iristen zaizkigunak albiste pozgarriak dira guztiak.

Bata bestea baino handiagoa, larriagoa, lotsagarriagoa. Cifuentes eta Casadoren CV entzutsuak direla, Zaplana jauna dela, Iglesias-Montero bikotearen txaleta dela, Gürtel auziaren epaia eta Rajoy-ren larrua, Riveraren perlak eta 155 artikulua, Sanchez-en «paripezko» zentsura mozioa…

Eta pelikuletan bezala to be continued jarri liteke, amaitzeko itxura handirik ez duen beldurrezko zerrenda hau ixteko.

Zerrenda baino gehiago txapelketa dirudi: ea nork egiten duen astakeria handiagoa herritarren haserrea piztu gabe. Piztu bai, baina erraz itzaltzeko moduan. Spain is different!!!

Eguraldiaz ere idaztea burutik pasa zait. Baina ez dago albiste handirik. Grisa eta umela doa udaberria eta gu ere halatsu. Eguna joan eta eguna etorri, eguna hasteko gelako leihoa ireki eta bista bera: hodeitza zeruan. (To be continued ez al da luzerako izango…).

Baina hainbeste hodeiren artean igande arratsean argi izpi bat sartu zen Gipuzkoako zeruan. Altuna III.a buruz buruzko txapeldun!!! A ze partida, a ze tantoak egin zituen amezketarrak. Nori eta Aimar Olaizola handiari. Inori minik eman gabe esan nahi nuke garaipen guztiak direla handiak baina ez berdinak; Olaizola bati irabazteak beste balio bat dauka. Naparrak meritu latza du 38 urterekin finalean egoteagatik, eta gipuzkoarra dotore maisu bati irabazten jakiteagatik.

Gaur Amezketan izan naiz. Garaipen handi batek ematen duen lasaitasun susmagarria zegoen kalean. Ospakizunaren arrastoa ere sumatzen zen. Pankarta mordoa irakurri nituen. Batek, hala zioen: «Txapel batekin ezin bi buru tapatu baina bi txapelekin buru bat bai». Buruz burukoa eta Lau t'erdikoa jada jantzi ditu Jokinek. Eta beste asko ere jantziko ditu, seguru.

Bejondeizula!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!