Konplexurik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Oihane Mateos 2018ko api. 7a, 10:52

Altzon izan naiz egun hauetan. Aste Santu honetan jende mordoxka ibili da eskualdeko herria bisitatzen. Eta ni ere tartean izan naiz. Lanean lehendabizi, hain justu, Handia filmaren arrakastak panorama turistikoan jarri duelako erraldoiaren jaioterria. Eta gero bisitari moduan.

Herria oso polita aurkitu dut. Oroitzen nuen bezala, alegia. Umetan joaten baikinen ikastolak antolatuta, erraldoiaren aitzakiarekin. Eta orain berriz erraldoiak eraman nau Altzora.

Interpretazio zentro txukuna eta ibilbide interesgarriak antolatu dituzte, erraldoiaren aitzakian. Haren jaiotetxea, hilerria, eskola... eta gustura dabil jendea. Gertukoak garenak eta urrutixeagokoak ere bai.

Pelikulak bultzada eman dio Altzori. Beti egon da hor baina orain mapa turistikoan ezarri du Handiak. Eta hori aprobetxatu beharra dago nire iritziz. Inolako konplexurik gabe azaldu behar zaio munduari Miel Joakin Eleizegi bertakoa zela. Gurea. Erakartzea ona delako. Jendea etortzea ona delako. Kontxako badia harrotasunez erakusten dugu eta Altzo erakusteko beldurrez?

Turismoari beldurrik izan gabe konplexuak kendu eta turismoa erakartzeko baliabideak jartzen saiatu behar dugu. Hori ona dela sinistuta. Pelikula baten olatua hartzeak ezer txarra ez daukala argi edukita.

Makina bat leku bisitatzen ditugu aitzakia txikiagorekin, kilometro pila eginda. Susmoa daukat gurea den zerbait erakusteak eta horri pisu «turistikoa» emateak lotsa / beldurra / errespetua ematen digula. Harrotasun hori txarra bailitzan. Esate baterako, Paulino Uzkudun boxeolari euskalduna zen. Mundu guztian aritu zen boxeolari onenen aurka.

Inork ikusi du gurean haren museo bat? Erakusketarik? Ba Errezilgo baserri batetik atera eta Europako txapeldun izatera iritsi zen. Eta munduko azpi txapeldun. Hori munduari erakusteko modukoa ez al da?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!