Gorroto eza

Erabiltzailearen aurpegia Oihane Mateos 2018ko urt. 14a, 09:56

Nagorek eta biok elkarrekin egiten dugu lanetik etxerako bidea. Bilbotik Tolosaldera. Kotxez. Ordu bete eta laurden, gutxi gorabehera. Irratia jartzen dugu, eguneko albisteak entzuteko.

Gaueko hamarretan ez da beti hitz egiteko gogoa edukitzen baina solasaldi ederrak izaten ditugu. Familia, lana, komunean daukagun jendea… aktualitatea. Ni kazetaria naiz eta bera bidean dago. Nahiz eta batzuetan, egunaren amaieran, aktualitatekoa ez den edozein gai nahiago izaten dudan. Baina azkena batera egin genuen bidaian aspaldiko elkarrizketa luzeena atera zitzaigun. Eta oso interesgarria.

Nagore ikasten ari da oraindik, unibertsitatean. Duela egun batzuk Sara Buesaren bisita izan dute gelan. Kuriositate handia sentitu nuen gaia aipatu zidanean. Nik baino 16 urte gutxiago ditu. Beste belaunaldi bat, zalantzarik gabe. Fernando Buesa 2000. urtean hil zuen ETAk. Nagore haurra zen artean. ETAren azken hildakoa 2010ean izan zen, polizia frantses bat. Nola bizi dute nire ondorengo belaunaldiek Euskal Herriko gatazka? ETAren amaiera ezagutu dute, gatazkaren hondarrak, esan liteke. Baina ze informazio daukate edo zer iritsi zaie gertatu den guztiaren inguruan?

Baina nik galdera gehiegi egin gabe kontatu zizkidan Sara Buesak esandakoak.

Ez zela biktima sentitzen. Nahiz eta jakin biktima zela. Ez zitzaiola termino hori asko gustatzen. Dispertsio politikaren aurka dagoela. Baita Amnistiaren aurka ere. Eta gorrotoa ez dela ona. Ezta bere aita hil zutenen aurka sentitzen bada ere.

Onartu behar dut Sara Buesa ez dudala pertsonalki ezagutzen. Ez dit halako miresmen berezirik sortzen. Kontrakoa ere ez. Baina azken esaldi hura ederra iruditu zitzaidan. Desberdintasun politikoak alde batera utzita, gazteei gorroto ezaren garrantzia transmititzeko ahalegina gustatu zitzaidan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!