Orain arte ez bezala, 2018rako saritua donostiarrek aukeratuko dute. Lehendabizi proposamenak eta dauden aukeren artean bozkatu egingo dute, danbor preziatua nori eman.
Iaz, polemika. Angels Barceloren hautagaitzagatik. Herritarrei ez zitzaien aukeratua gustatu. Udaletxean ere ez zeuden denak ados. Eta azkenenan saria ez zen banatu. Kazetari katalandarraren izena nori eta zergatik otu zitzaion ez nator orain kritikatzera. Baina harritu egiten nau. Zergatik hain urrutira joan? Rioko Olinpiar Jokoak amaitu berritan, Maialen Chourrauten urrezko dominaren gainetik beste izenen bat burutik pasatzea latza egiten zait. Maialenek mundu osoko podiumean jarri zuen Gipuzkoa. Urrezkoa zen domina, berriz diot.
Eta ez ditut lerro hauek horretara bideratu nahi. Alegia, ez dut konparaketa hutsean erori nahi; Angels edo Maialen. Baina domina hori isilegi pasa da, ene uste apalean.
1967an eman zuten lehendabiziko Urrezko Danborra. Lehendabiziko emakumea hamar urte geroago heldu zen. Josefina Carabias kazetariari. Haren atzetik Pilar Miró, Ainhoa Arteta edo Cristina Garmendia, besteak beste. Guztira zazpi emakume saritu dira 1967tik hona. La Oreja de Van Gohg taldeko Leire, abeslaria, kontatzen badugu zortzi izango lirateke. Zortzi emakume bakarrik 67tik hona.
Sarituen artean badaude kirolariak. Emakumezkoen artean ez. Baina danborra etxean dauka Marino Lejarretak, esaterako. Txema Olazabal edo «gure» Xabi Alonsok. Inori meriturik kendu gabe, galdera bat datorkit burura: urrezko domina lortu duen norbait saritzeko aukera eduki eta «ahaztu»?
2018ko sariduna aukeratzea donostiarrei dagokie. Pentsatu nahi nuke proposamenen artean egongo dela Maialen Chourraut. Eta bestela berak adina merezi duen beste norbait. Seguraski piraguista lasartearra ez da sari horri begira egongo, edo zain: Berak, Riotik ekarrita, urrezko domina etxean dauka eta hori da saririk garrantzitsuena. Baina guk, herritar bezala, ez genituzke halako balentriak oharkabean pasatzen utzi behar. Emakumea ala gizonezkoa izan. Zergatik ote gaude beti kanpora begira?