Zukutu

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran

Iraila izango zen; munduaren nekea hostoetan. Bai, Berri Txarrak, Ez dakit bueltatzen. Edo hautatu zuk soinu banda, zein ederra izango den itzulera... Ongi etorri errutinara. Onar dezagun, arindua ere sortu dizu tope aprobetxatu beharreko epealdiaren amaierak. Horixe du egungo bizimoduak, atsedena ere presio bilakatzeko gaitasuna duela. Bizitza zukutu eta ez gelditu maite duzun hori lortzen duzun arte! Ezta gure esku balego ere.

Aste hau aldapa egin zaizu ziurrenik, maletak desegin, ziento bat labadora jarri, ikasmateriala sartu oraindik hondartzako harea duen motxilan, tuperrak sartu izozkiak zeuden tokian... oporrek ere badute lana, gutxi batzuen bizkarrean pilatzen bada ere. Eta oporraldian zenbat lan hartzen dugun! Aktiboa hautatu baduzu, bidaiak prestatu, nondik norakoak, ikusi beharreko tokiak, atera beharreko argazkiak, bizi beharreko esperientziak, igo beharreko mendiak, probatu beharreko jakiak... eta atsedena hautatu baduzu ere iskin egin behar irakurri nahi zenituen liburuen zerrenda luzeari eta kirol pixka bat egin beharraren erruari. Eta etxetik irten orduko estresak jota, motxila helburuz beteta, eta bueltan estreinatu gabe dakarzun helburu bakoitzaren porrota soinean. Probetxua atera behar baitzaio segundo bakoitzari, zukutu!

«Osasuna deitzen diote, baina autoexijentzia da. Zukutu nahi duzunak zakutzen zaitu»

Osasuna deitzen diote, baina autoexijentzia da. Zukutu nahi duzunak zakutzen zaitu. Azkenean zuretzat denbora; bizi, ikusi, sentitu, hautsi egunerokoaren neurriak, jan, joan, zaindu zeure burua. Ba ezin da, behintzat, dena batera. Sentitzen dugu halako derrigortasun bat, une bakoitza ahaztezin bilakatzekoa, arima (eta horren sinonimo bilakatu dugun Instagram) une gogoangarriz betetzekoa. Presio hau bikoiztu egin daiteke, haurren gurasoen kasuan: ikasturte osoan ukatu zaien kalitatezko denbora eta plan txundigarriz lau astetan itzultzea ezinezkoa da. Hori onartuta abiatuz gero, akaso agendak gidatu gabeko egun bat pasa dezakegu elkarrekin.

Eta hala ere, bukatu da opor garai ofiziala; eta bukatu delako, nostalgiaz begiratuko diogu. Eta idealizatu egingo dugu, hurrengoan berriz lepoa estutuko digun irudia sortzeraino. Baina irailak badu zerbait ona, eta da, ez dela berandu. Atariak herriz herri jaietako irudiekin sortutako momentu zoriontsuen bildumari begira zaudela, pentsa: Herri txikietako festetan esnatuko bagina bihar? Oraindik aurretik dauzkazu Lizartza, Elduain, Zizurkil, Irura. Geroxeago Amasa. Oporretako aprobetxatu beharraren mantrarik gabe. Zuretzat.

Horietan topatuko dugu elkar, hiri edo kanpin arrotz batean topo eginez gero elkarrekin hizketalditxoa egingo genukeenok, urrundik eta bekain batekin agurtuko dugu elkar, agurtzekotan. Edozein herriko jaixetan elkartuko gara, galdutako denboraren seme-alabak. Irailak ez dagizula zukutzerik eskatu, murtxikatu lasai udarako gau luzeak. Ez dakizkizula kontrako eztarritik joan ikasturte berrirako helburuak. Ez zaitzala irailak zukutu. (Instagramen) dirudizun bezain zoriontsu izan zaitezen opa dizut.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!