Duela ez asko, ekimenaren piztailea (bai, beroa eta argia ekarri ditu Poxpolo-k) entzun nuen elkarrizketa batean esaten herri txiki honetan dugunarekin ahalik ikuskizun osoena egiten ahalegintzen direla. Emanaldietan ere entzun izan dut ez dela munduko zirkurik handiena, ikusgarriena, jendetsuena... eta saio batean izan ez denak uler lezake ez dela gauza izugarria. Baina bada. Gurea herri militantea izan daiteke, baina urtero herriz herri emanaldi guztiak agortzea ez da elkartasun kontuagatik.
Lehen aldiz ikusi nuenean, aspaldi ez bezala hunkitu eta txunditu ninduen; gertutasuna bazen motibo, noski, lehen aldiz ari zitzaidan zirku bat niri hizketan, nire erreferentziekin, nire hizkuntzan. Baina maila izugarria iruditu zitzaidan. Gogoan dut pentsatu izana akrobata horietakoren batek utziz gero errepikaezina izango zatekeela, umeek hainbeste harritu izana koskortu ahala galduko zen efektu bat izan zitekeela... Eta urtez urte ari dira frogatzen ezetz, haur horiek hazi ahala ari direla euren abileziak deskubritzen eta garatzen, eta Euskal Herrian ezezagun zaizkigun artista harrigarriak dauzkagula. Bakoitza izan da errepikaezina, baina ez dira bakarrak, zorionez.
Jaio berrietatik hil arteko publikoa astindu dezakeen zerbait sortu dute Gure Zirkutarrek, gure ume elebakarrei hitz egiten dakien bakarra. Amets eginarazten diena, haluzinatzen dituztenak ez direlako auskalo nongo izaki miragarriak, baizik Gasteizko, Ondarroako, Barakaldoko eta Tolosako jende landua eta langilea.
Pozgarria zait gure haurrek zirkua ere euskaraz dela sinestea; are, normalizatzea. Onar dezagun, gero eta zailagoa zaigu euskaraz bizi litezkeen fikzioari eustea: entretenimenduan, kalean, pediatrarenean. Hasiak dira erdaren ezagutza premia sentitzen.
Ez digute gutxitan galdetu osasun zerbitzuetan, langile ona ala euskalduna behar ote dugun, batak bestean eraginik ez balu bezala (irakaskuntzan zentzurik ez leukakeen galderak ze zentzu izan dezake gainerako zerbitzu publikoetan?). Alegia, kanpoko talentua ez ote duen mugatzen hizkuntzaren galbaheak. Galde genezake hizkuntza ez dakien talentuak ez ote duen oztopatzen harridura, hunkiberatasuna, astinaldia; administraziora ekarrita, ez ote dituen oztopatzen osasuna, zaintza, segurtasuna.
«Ez dugu ona ala euskalduna aukeratu beharrik [...]. Gure Zirkua adibide bat da. Ez da ona euskalduna delako. Baina ona da, eta euskalduna»
Uste dut ez dugula ona ala euskalduna aukeratu beharrik, on asko direlako euskaldun, zorionez. Gure zirkua adibide bat da. Ez da ona euskalduna delako. Baina ona da, eta euskalduna. Euskal Herriaren baitako mugatik osatzen da, baina karpa horrek mundua kabi dezake. Tira egiten dioten kable horiek berak dira zutik eusten dutenak. Ardatz ikusezina, erdi-erdian, oihalak eta trapezioak nola: euskara. Utzidazue gezur horretan kulunkatzen, egia eraldatzera dator eta.