Ez al dizu min egin, iaz festaz festa eskuratu ezinik geratu zinen Gernika-Palestinaren zapi zuri-urdin kufiya itxurakoa aurten berriz jantzi beharrak? Ez al zenion muin egin, boikotari? Ez ote diozu, geroztik men egin inertziari kontsumo ohituretan? Iaz geratu zitzaizkigun ikasgaiekin ekin diogu ikasturte berriari, errekuperazioak gero eta urrunago, geure burua aztertzeko aukera bat parez pare.
Urrian beteko dira bi urte, 75 urte betetzen dituela. Alferrik esango digute gertaera berria denik. Albistea ez da beti berri izaten. Berria ez da beti albiste bilakatzen. Eta zaharrak berri esatera ohitu den herriak, sinesten al du honezkero bere esku dagoen apurrak zerbait alda lezakeela? Edo «total, nik egiten dudana gorabehera denak berdin segitzen du» bilakatu dugu gure kontzientzia lasaitzeko aitzakia? Ukiezintasuna eta zigorgabetasuna dira azken hilabete luzeetan albiste (ez berri, haatik).
Denboraren joanak berezko izango du akaso, baina ez al duzue sentitu atzera bueltarik gabeko inflexio puntuan dagoela mundua? Ez al dituzue sumatzen indar atzerakoiak bultzaka (are, zuen baitan)? Indarrak korronte eginda datoz, eta egunero erabaki behar da kontzientziaren alde. Ereduek laguntzen dute horretan. Ze bat-batean, Bilbon kirol proba bat geratzea lortu dute oinezkoek; idazle batek uko egin dio beka dirutsu bati, eta batak zein besteak domino efektu bat eragin dute, erabaki handiagoak bultzatzeko presio bilakatuz. Edo, behintzat, etxera bidean hain eroso geratzen zaigun Carrefour zergatik ez dugun zapalduko gogorarazten digu.
«Barkatuko didazue eskualdeko komunikabide honen orri txiki hau munduminez bete izana. Inguruan daukagun paisaia aldatu nahi badugu, has gaitezen norbere ataritik (eta ATARIAtik)»
Deitu domino jokoa edo tximeleta efektua, eskala handiko gauzak eragin litezke txikitik. Horixe gogoraraztearren, barkatuko didazue eskualdeko komunikabide honen orri txiki hau munduminez bete izana. Inguruan daukagun paisaia aldatu nahi badugu, has gaitezen norbere ataritik (eta ATARIAtik).
(Ikast)urte berri on opa dizuet denei. Eta horretarako, ezinbesteko baldintza dirudi gaur, berri urte on bat izan dadin saiatzea. Desinformazioaren garaian, zurrumurruen aroan, egiaztapenak txatbotei eskatzen zaizkien unean, ezinbestekoa da lehen lerroko, gertuko berrigintza bat eskura izatea. Zorionekook, atarikideok! Konta ditzagula kiskaltzen gaituzten gaiak eta batez ere pizten gaituzten uneak, berri urte on!