Gerora, bere inguruan jendeak zenbakiak zerabiltzala ohartu zen, askorentzat zenbatzea eguneroko kontua zela, formula sorta oparo bat zabaltzen ziela horrek mundu hau ulertzeko. Berak ulertu gabe jarraitzen zuen. Esaten zioten ikasi, erraza da, zuk ere eskura duzun tresna da. Ezetz, berak. Ez zituen ulertzen, eta ez zituen ulertu nahi. Eta ez zegoen ados, zenbaki bidez funtzionatzen zuen mundu harekin. Berak aski zituen hizkiak.
Jendeak, ordea, ez zuen bere eskubidea errespetatzen eta erosketak egitera joaten zen aldiro behartzen zuten zenbakitan ordaintzera. Ez zen bidezkoa, berak ez zituen txanpon eta paper haietako ikurrak ezagutzen, ezin al zuten zenbaki bakoitza azpian hizkiz idatzi, zenbatzen ez zekitenek ere erosketak egin ahal izateko? Gainera, horrela ezin zuen jakin zenbat ordaindu zuen, ez eta itzuli zioten txanpon eta paper sorta zuzena zen ere. Zenbakidunez fidatzea beste erremediorik ez zuen; nola fidatu, baina, bere mundua inposatzen dizun jendearekin? Baztertua sentitzen zen, zenbatzen ez jakiteagatik. Ezin zuten ikastera derrigortu.
Berak ez zuen zenbakien beharrik, eta hizkiak aski zituen mundu baten alde borrokatuko zen, bazterkeriarik gabeko mundu baten alde (eta bide batez, zenbakirik gabeko mundu baten alde —ederra bakea—). Bera idazlea eta kazetaria zen, izango ez ziren ba, hitzak nahikoa! Egun batean, ordea, bere lanpostua kolokan ikusi zuen, karaktereak zenbatzeko eskatu ziotelako; edo ekonomiako ataletik harago, datuak sartzea tokatzen zitzaion aldiro, bere lankideek amaitu behar izaten zutelako bere lana, zenbakiak zekizkitenek.
Behin eta berriz gonbidatzen zuten zenbatzen ikastera, baita horretarako baliabideak eskaini ere. Berak argi zuen, hitzak aski zirela eta bere eskubidea zela horiekin bakarrik bizitzea. Hala ere, gero eta gehiago baliatzen zituzten denek zenbakiak, eskolan denek ikasten zituzten eta gero agian elkarrizketan sartzen zituzten, berak ulertzen ez zituen kodeak sortuz. Bere kideek egin behar zuten orduan ere lan hori, eta ohartu zen kazetari posturako zenbatzen zekien jendea bilatzen zutela.
«Bere hedabidea konbentzitu zuen zenbatzen ez dakitenek jasaten duten bazterkeriaz, eta injustizia hori salatzeko aktibismoan murgilduta, salatu zuen lanpostu publiko berrien % 80 behartzen zutela zenbatzen jakitera»
Hori baztertzailea dela sinetsita zegoen, zergatik ikasi behar zituen norbaitek zenbaki konplikatu horiek denak kazetari izateko? Zer behar dira, kazetari onak ala zenbatzen dakitenak? Eta auzitara jo zuen. Eta irabazi.
Bere hedabidea konbentzitu zuen zenbatzen ez dakitenek jasaten duten bazterkeriaz, eta injustizia hori salatzeko aktibismoan murgilduta, salatu zuen lanpostu publiko berrien % 80 behartzen zutela zenbatzen jakitera. Ez zuen titularra ulertu, noski. Baina bazekien % 100 batek zer esan nahi duen ulertu gabe ere, denei eta guzti-guztiei eskatuko zitzaiela idazten jakitea. Horrela bermatuko zioten, azkenean, ez ikasteko eskubidea.