Erromantiko

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran

Aspaldi ohartu ginen sartu diguten gezur handienetakoa dela maitasun erromantikoa edo (batik bat) mendebaldean daukagun maitasun eredu kulturala; fikzio erromantiko deitu diezaiokegu. Gaur ospatzen omen den hori, bai. Zorionak.

Maitasun erromantikoa, teorian, askatasunean oinarritutako harreman erotiko edota sentimentala litzateke, baina helarazi zaigun bertsioa ondo aletu digu, zorionez, mugimendu transfeministak. Horiei esker, nahiko argi disekzionatzen dugu harreman batek gurutzatu behar ez lituzkeen marren markoa. Marko teorikoa. Ze, ai, gero… gero, praktikan, markoari ertzak urtu egiten zaizkio, guretzat egina dagoen hori agertzen denean, zerbait berezi eta bakarraren parte bilakatu garela sentiarazten digunean.

«Aspaldi ohartu ginen sartu diguten gezur handienetakoa dela maitasun erromantikoa edo (batik bat) mendebaldean daukagun maitasun eredu kulturala»

Idealtzat agertu diguten harreman horietako baten parte garela sentitzen dugunean, ilusioak gain har lezake, eta konplizitateak, eta berarekin modu inkondizionalean konta dezakegula sentitzeak. Bat-batean, ezingo dugu ia planik edo etorkizuneko proiekziorik egin bera erdigunean jarri gabe. Nerabe garenean gertatzen zaigu zailen, ezta?

Eta harreman horren eguna iristen denean, plana berarekin ez beste inorekin egitea itsusia dela sentituko dugu. Idatzi gabeko arauez betea dago fikzio erromantikoa. Herriko plazan, edo parrandan, edo tabernan, bera hor badago ez dago ondo ikusia gu beste batzuekin geratzea (ez bada hizketalditxo mugatu bat). Edo bidaia bat antolatu nahi badugu, berarekin joatea esperoko da, edo zuzenean hala antolatuko da, beste lagun batzuk plan horretarako konpainia egokiagoa liratekeela sentitu arren. Idatzi gabeko legeak.

Pixkanaka, harreman hori gure mugimenduak mugatzen hasiko da, «non ibili zara, aspaldiko?» azalpen eskezko batekin, planak elkarrekin egin ditzagun normalizatuz eta beste norekin egon ote garen justifikatu beharra sortuz, salbuespen izaerari eutsi dakion. Horregatik, gure egunean, egun seinalatu horretan, irudituko zaigu ezin dugula beste inor gure mahaian eseri egoera apur bat arroztu gabe.

Ez gara guztiz inozenteak, badugu kontzientzia bat, eta talka egingo du gure jokabidearekin; baina hain da ederra harreman hori, hain da inkondizionala, hain da oinarri sendoa... ba, indarkeria dosi handirik ezean baleko tratu bilakatzen dela, gure neurrira egina dagoelako, bere neurrira mugatzen gaituen arren. Eta gozatu ere egiten dugu harremana, nola ez... elkarri ezizen kursiak jartzeraino, ez batak besteari bakarrik, baita elkarrekin osatzen dugunari ere!

Asko dira erromantizatzen ditugun harremanak. Eta kapitalismoak denak eta bakoitza aprobetxatzen ditu negozioa egiteko, nola ez. Ni kuadrillaz ari nintzen. Kuadrillaz ere bai, behintzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!