Ja-jai

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2024ko abe. 6a, 07:58

Gaur astekari hau irakurtzeko tartea izango duzu, ziur asko. Lasai hartuko duzun gosari luzean joko diozu kolpea, edo autokarabanan sartu duzu asteburu luzea pasatzera zoazelako. Akaso, Durangoko Azokara joan aurretik begiztatuko duzu; edo hobe, ajeak ez dizu irakurtzen utziko, gaur jai zenuela eta bart luzatu duzulako azokako buelta... Gaur laneguna dela aldarrikatzen duten lantoki koherente horietako baten biktima bazara, jaso nire elkartasuna lerro hauetatik (inork ez zidan esan, euskaldun izatia zein nekeza dan...).

Ahaztu egiten zaigu egutegia zeren arabera antolatzen den, zeren gainean dauden egituratuta jaiak eta jai egunak —eta nor duten azpian—. Zeren bai, gaur Espainiako Konstituzioaren eguna delako daukazu jai; espainol izateak dakarren kalte-ordaina da. 1978az geroztik jaio garenok  konstituzio ditxosozkoa egina jaso genuen, baina aurrez jaiotakoek ere apenas bozkatu zuten... Erreferendum hartan aurka bozkatzeko deia egin zuten Euskadiko Ezkerrak eta Herri Batasunak, abstentzioa eskatu zuen Eusko Alderdi Jeltzaleak. Espainako grafikoak ikusi eta zerrenda luzean abstentzio lerroa barrura sartzen diren lekuetan dauzkazu lau euskal probintziak. Eta bozen artean baiezkoak erortzen diren lau salbuespenak, gure probintzia horiei dagozkienak dira. Kasualitatea.


Baina aizu, «niri jai ematen badit, ongi etorria!». Eta zer litzateke herri hau aurka etorri zaiona bere alde jartzen ez baleki? Ba euskalgintzak ere abenduko zubi espainiarra euskal kultura sustatzeko eta ikusarazteko abagune bihurtu du. Olentzero eta maridomingi askok —bereziki mari domingik, onar dezagun— hartuko dugu asteburu hau euskarazko musika eta liburuak eskuratzeko; eta zorionez, baita papá noel ospatzen duten batzuk ere. 


Gure egutegien konstituzioak ez du kontenplatu joan den astelehena jai izaterik. Bai, Nafarroaren eguna ospatuko zenuten han lan egiten duzuenok, baina hori ere Frantzisko Xabier deunaren izenean. Hori ere gure alde jartzeko data, euskararen nazioarteko eguna ospatu eta Nafarroa ekitaldiz betetzeko aukera sortzen baitu. Bada premia. 


Bitartean, inertziei jarraikako egutegiak garamatza arrastaka, eta zer sinbolizatzen duten bost axola zaizkigun santu eta santak eskualdeko herrietako jaietarako erabiliko ditugu. On dagigula, zer gutxiago. 

 

«Nik ere ez dizut gaurko jai eguna zapuztu nahi. Besterik gabe, gogoratu gaur jai edukitzeak prezio bat duela»


Nik ere ez dizut gaurko jai eguna zapuztu nahi. Besterik gabe, gogoratu gaur jai edukitzeak prezio bat duela. Gogoratu, astelehen honetan jai ez edukitzeak eta ostiralean hala izateak ardatza non dugun erakusten duela. Eta horrela, euskarak ez dakit, baina Euskal Herriak jai du. 


Bitartean, gozatu gaurko jai eguna eta asteburu luze honen kalte-ordain bezala, kontsumitu euskarazko sorkuntza eta egin euskaraz urte osoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!