Bata, Bidaniko festetan gertatu zen, eta larrialdietarako telefonora hots egin zuen batzordeko kide batek —bide batez, besarkada bat eta esker ona antolatzaileei eta laguntzera gerturatu zen erizainari—. Gu anbulantziaren zain, eta beste dei batean azalpenak eskaini ostean bidali omen zuten. Bi dei eta ordu erdi luze baten ostean herrira gerturatu ziren argiak, baina, ez ziren anbulantziarenak izan, ertzainenak baizik. Bi patruila etorri ziren, erabakiak hartzeko egoera baloratzera, nonbait. Gero bai, anbulantziari hots egin zioten.
Etorri ziren lau ertzainetatik hiruk egiten zuten euskaraz, baina euren buru agertu zenak gazteleraz egin zituen galdera guztiak; eta halaxe erantzun zitzaizkion, oinazezko uneak ez baitira eztabaidarako egokiak (esan gabe doa han zegoen kultur erreferente entzutetsurik ez zutela ezagutu).
Bigarren istripua errepidean izan genuen, eta beste gidariarekin paperak egiteko modurik ez zegoenez, ertzainek etorri behar izan zuten txostena egitera. Errepidekoen zain, gertuen zegoen polizia-etxekoak gerturatu ziren lehenik eta eurekin hasi genituen izapideak. Denak zuzendu zitzaizkigun gazteleraz, bulegoko kideari telefonoz ardatz deitzen dioten arren («hay etxekolanas?» horren aldaera bat). Gauza bera berretsi zen errepideko arduradunak heltzean. Guk gure artean euskaraz, zenbakiak euren aurrean euskaratik itzultzen aritu ginen idatz zitzaten, inork ez zigun euskararik eskaini hala ere.
Eta guk, esan behar da, esplizituki adostu behar izan genuela ez zela gatazkarako unea, gure alde behar genituela eta ezin genuela hizkuntza eskakizunak ekar zezakeen umore-aldaketaren arriskurik hartu une hartan. Bidanian lehentasuna zauritua zen bezala, istripu honetan ere onik irtetea zen kontua.
Eta onik irtetea gorputz guztietan ez denez berdin erraza, ez dut aipatu gabe utzi nahi istripua kontatzeko eskatu zidan ertzainak nola epaitu ninduen emakume bezala bi bider, legearekin zerikusirik ez zuten arrazoiengatik: nire bikotearekiko eta nire haurrekiko. Nire bikoteari begira, esaterako, datuak ematean: «¿Y tú le has dejado poner su apellido a las niñas?», bere gizontasuna gutxietsiz. Eta geroago beste behin, nonbait ez nuelako aski aurretik jarri bikotea. Istripu baten lekukotza izan ordez eraso bat izan balitz, ez dakit salatzeko ze baldintzatan sentituko nintzatekeen.
«Kontua da, segurtasun indarrekin egon naizen bi egoeratan frogatu dudala hizkuntza ez dela hautua beti. Eta ez dela doan»
Kontua da, segurtasun indarrekin egon naizen bi egoeretan frogatu dudala hizkuntza ez dela hautua beti. Eta ez dela doan. Herritar guztion segurtasunerako dagoen erakunde batek zaurgarritasun eta larritasun uneak ezerosoago bilakatzen ditu, segun herritar horren ezaugarriak. Eta oraindik, parte bat ematera edo salaketa bat jartzera doan emakumea epaitzen den bezala, Euskal Herrian eta Tolosaldean, batzuetan aukeratu egin behar da antza, zerbitzua jaso ala euskaraz jaso.
Gainera, Donostiako epaitegitik iritsi diren ebazpenak ikusita, badirudi nire bizipen hauek ez direla salbuespen bana, eta zerbitzua euskaraz jasotzea zori kontua dela, edo istripu hutsa.