Zur eta lur

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2024ko ekainaren 22a

Zure izena entzun dudanean beste bi bider galdetu dut, ea zein Koldobika; burura hasieratik etorri zatzaizkidan arren, albistekoa zu zarela sinestea zailegi zen. Lehen eta azken aldiz izan genuen elkarrizketari begira geratu naiz, osatuko ez dugun proiektu proposamenak har zitzakeen formak imajinatuz.

Izan genitzakeen elkarrizketen bila ere aritu naiz zure aipuetan, eta erantzun ezingo dizkidazun hauek sortu zaizkit:

Material guztiek berez dute nortasuna, bazenekien naturak ez duela gizakiaren esku-hartzerik behar edertasunerako. Eta hala ere, ze istripu ederra zure eskuena. Harria eta zura. Zura modu harrigarrian, harria modu zurean. Material eternoetan obra efimero eta galkorrak. Artea ezagutza esperientzia bezala, ez helburutzat. Artea eta eskultura ez dira helburu. Bide baizik. Helburu, izatekotan, bizitza.

Bizitza. Zure erretaulako gurpila etorri zait burura, natura eta artea parez pare. Zikloaren indarra. Borobilaren sinboloa. Badakigu non hasten den, baina badakigu ez dela bukatzen. Artearen garrantzitsuena transmisioa delako, zure hitzetan. Ikasten duguna ezin dugulako guretzat gorde, eskaini egin behar dugulako. Eta zuk, zuk, harria bezain lehengai zenuen herria. Eskaintza bera, obra gisa.

«Ikasten duguna ezin dugulako guretzat gorde, eskaini egin behar dugulako. Eta zuk, zuk, harria bezain lehengai zenuen herria. Eskaintza bera, obra gisa»

Hanka sartu duzula kontatu nahi nizun, zure artearekiko jarrera «arrastorik ez uztea» zela esan baitzenuen. Ez zenuen sinaduran sinesten, «soro bat hesolaz ixtea bezala» zela zenioen. Zure arrastoak ez du sinadurarik behar. Ur Maran zaldiak dabiltza, Kantu ixila dakar haizeak eta eguzkia Setioa iragarriz murgiltzean ulertzen da Arbolaren egia. Zintzel, paper kraskatu, algara, burdin hotsezko Barne kanta geratzen zaigu. Eta zure harrizko obrak goroldioak hartzen dituenean, distiragatik baliatzen zenuen urrea ikusiko dugu guk, eragin nahi zenuen espejismo haren bertsio basa gozatuz. Zur eta lur, agur. Edo betirarte. Edo beti arte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!