Zauriak z(a)uri

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2024ko otsailaren 24a

Badira zauri batzuk, gure azalean zabaldu ez arren geure sentitzen ditugunak. Badira min batzuk, albiste forman iristen zaizkigunak eta gorputzean ubel sentitzeraino hartzen ditugunak. Normalean, zauria daraman gorputzarekin identifikatzen garenean gertatzen da; esaterako, inauterietan salatutako sexu-eraso bakoitzak dardara desberdina dakar (balekar) gizon eta emakumeon hezur-muinera.

«Badira min batzuk, albiste forman iristen zaizkigunak eta gorputzean ubel sentitzeraino hartzen ditugunak»

 

Bereziki zailak izaten dira zauriok sendatzen, ustez babesgune behar luketenetan gertatu direnean, zaindu behar gintuzketen horiengandik datozenean. Beldurra eragiten duten eta oximoron diren segurtasun indarrengandik datoz sarri, herri-zain izena daramaten eta ustez sindikatuaren hitzetan- «tragedia ekar zezakeen» balizko egoera saihesteko eurek eragindako tragedia ziurrean, esaterako. Edo baita gure oinaze fisikoak arintzeko gomendatu diguten terapeuta haren esku ustez sendagarriek bizi osorako zauritu duten konfiantzan ere.

Ez daude nire gorputzean momentuz ez bat ez beste, baina badira nire zauriak ere. Izan nintekeelako ni, banaizelako, nolabait. Norberak ez duelako eskumenik eraso horiek saihesteko, ez direlako norbere errua. Eta garrantzitsua da hori azpimarratzea, tamalez hori delako auzitan jartzen den lehenengo gauza (zer egiten zuen hantxe une zehatz hartan? epe luzeko eskubide urraketak ez balira bezala).

Aste hauetako titularrei begira, gorputz asko uzkurtuko zen; batzuk ustezko segurtasun indarren esku egotearen izua oraindik gogoan dutelako, beste batzuk orbainak, beste askok gertuko esperientziak berpiztuko zituzten begi itxi bati begira. Begiaren jabeari esan, argi ikusten dugula. Eta ondo ikustea opa diogula. Eta erantzuleak ikusteko daudela (ezikusiarena egin arren).

Intimitatean intimidatu dituzten horiei, berriz, ulertzen dugula min isil hori, lotsa hori, erru hori, eta ez dagozkizuela zuei. Salaketa jarri zuen lehenari, eskerrik asko. Ausardia eta eskuzabaltasun handia behar da horrelako prozesu bati ekiteko, eta norberetzat momentuan min gehigarria eragin dezakeenak beste asko babestu ditu hori bizitzetik.

Lehen emakumea zuen salaketak gehituz babestu duzuenoi, bejondeizuela, arrazoi beragatik. Unean ohartu ez eta albistegiak ikusiz geroztik oroitu duzun horri, unean ohartu bai baina erreakzionatzeko ezgai geratu zinen horri, ahaztuta zenuen zulo beltz bat ekarri dizun horri, lo egin ezinik zabiltzan horri, salaketaren berri entzun eta zurea kontatzeko indarrak bildu nahian zabiltzan horri, prozesu horri aurre egiteko prest ez zauden horri, salatuko ez duzun horri… Zuri, besarkada estu bat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!