Belenen

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2023ko abenduaren 22a

Ai hau gauaren zoragarria

Jesus jaio da Belenen

harririk harri bila gabiltza

ea bizirik dagoen.

Belengo estalpean

egin da argia

hauts lainoen atzean

itzal, ilargia.

Hondakinen artean

azken miraria:

bizirik irten dira

Jose ta Maria.

Ekialde hurbilak

urrun du, segun nor...

Ze desberdin litzaken

gameluz baletor!

Intzentsuak ta mirrak

urrea dute zor

zalantzati igo da

paterara Meltxor.

Guardiako fokuak

gauean oinaztar,

niki urratu eta

oinetako kaskar...

Izu-laborriz eta

pasa nahian azkar

Melillako hesitik

erori da Gaspar.

Bidea urratzera

derrigorrez ausar

amesgaiztoko muga

nahi luke iratzar

irtetekotan, baina,

ez daki nola sar...

Bidasoa ibaian

ito da Baltasar.

Suzko izar uxo bat,

misilen distira

lehenbailehen amaitzea

guztion desira

gabon doinu kantari

gaudela begira

Belengo bizigaiak

hauts bihurtu dira.

Ai hau gauaren zoragarria

Jesus jaio balitz hemen

gaur Palestinan ez baitakigu

bizirik iraungo luken.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!