Ustez osasun-baldintzak betetzen dituzten elikagai askok bezala, ustez kazetaritzaren kode deontologikoaren bermea luketen medio askok hizki txikian ezkutatzen dituzte osagai pozoitsuak. Batzuetan, edari energetikoekin bezala, jakinaren gainean gaudela irensten ditugu, eta txarrak direla kontuan izanik kontsumoa murrizten dugu; ze total, nik eskelak irakurtzeko bakarrik.
«Ustez osasun-baldintzak betetzen dituzten elikagai askok bezala, ustez kazetaritzaren kode deontologikoaren bermea luketen medio askok hizki txikian ezkutatzen dituzte osagai pozoitsuak»
Eta ohartzerako, takikardiak eta lo egiteko zailtasunak hasten dira. Sintomak ezagunak dira, eta garaiz tratatu ezean, pilatutako toxinak gorroto bilakatuko zaizkizu. Intolerantziak garatuko dituzu pixkanaka, eta glutenik gabeko mundu bat nahi lukeenak bezala, bizigarriago irudituko zaizu palestinarrik gabeko Gaza. Errealitatearen pertzepzioa distortsionatzeraino hel daiteke gaitza.
Pentsa, osagai bakoitza aukeratzeak ze garrantzi duen, gatza edo azukrea erantsi, gozotik gazirainoko aldea egin baitezake hautuak: genozidioa edo babes zilegia, hizkuntza minorizatu baten aurkako oldarraldi judiziala ala inposizioaren aurkako defentsa, erresistentzia ala terrorismoa, desmantelamendu eta pribatizazioa ala berrantolaketa… Edo zuzenean zenbait elikagairen betoa edo mugatzea, osasunaren izenean. Gozo eta gazi, biak ari baitira, ustez, eskubideen alde (nork bereak, oinarrizko giza eskubideen gainetik behar badu ere).
Tira, eskubideen gainetik ari direla jakitun dira, askotan. Bestela ezinezkoa litzateke tokiko produktuari muzin egin eta kanpokoa egunero ereiten dutela ulertzea. Hizkuntza hautuez ari naiz, bai. Edo gai batzuk ez sartzea hautatzea, edo gramoak eta kiloak nahastea, uneko manifestazio edo greba handi edo txikia izatea komeni zaien (ez sukaldariei, jatetxeen jabeei baizik).
Zein da prebentziorako gakoa? Ba edozein osasun langilek esango ligukeen bezala, sistema immunologikoa, defentsak indartzea. Eta zein diren honetarako defentsak? Ba ziurrenik albiste bakoitza nondik datorren jakitea, eta ze interesekin prozesatu den. Alegia, galbaheak jartzea irentsiko dugunari. Eta honetan ere, osasun arloa denez, lehen arreta goiztiarra zaintzea komeni (arreta jarri, gutxienez). Eta ahal dela, hau bezalako 0 KM produktuak lehenetsi.