Nahi da bai

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2023ko ira. 8a, 07:58

Nahi da bai. Eta nahi ez bada, ez da bai. «Ez beti da ez» lelotik gatoz, ezezkoa adierazteko premia eta exijentziatik (eta sekula ez aski, antza). Mugimendu feministaren gogoeta, lanketa eta erantzun askoren ostean heldu da «bai da bai» leloa Espainiako gorteetara. «Bai da bai» esaten denean, beste guztia ezezkotzat ulertu behar dela gogoratzen dugu. Eta oinarri-oinarrizko horrek ere ekarri du bere ezbaia.

Normalizatu dugu jai herrikoien eta aste nagusien aurkezpenekin paraleloan indarkeria matxistaren aurkako protokoloak aurkeztea, festen amaieran indarkeria horri dagozkion balorazioak egitea… eta erasoen albisteekin jaikitzea aje biharamunetan. Eta kontrara, erasorik salatu ez den jaietan, balorazioa txalo zaparradan hartzea ere normalizatu dugu (ez salatzea ez gertatzea balitz bezala). Eta hori ere ez da batere sintoma sanoa.

Aspaldi ikasi genuen sintoma eta gaitza bereizten. Horregatik, azken hilabeteko prentsa eta sare sozialetako eztabaida entzutetsuenean ere, badakigu alde bakarreko musu hura ez dela sintoma bat baino. Gaitza, indarrean dirauen potrokoloa dela, boterea, nagusikeria. Eta hori ere noraino den normalizatua, askoren erreakzioetan (eta batez ere erreakzio faltan) nabaritu da. Sintoma bat soilik izan arren, gaitza indartzeko bide da musu-truk irtetea.

«Bai da bai» lelora heldu gara, baina oraindik erasotuaren jarrerak aztertzen dira ahoak esan ez zuen baiezko hori gorputzean irakurri nahian. Baiezkoa kontsentimendu gisa ulertzen da, ez desio gisa. Euskarak horrela itzultzen du kontsentimendua: baimen, baiezko, onespen, onarpen, adostasun. Adiera asko dira, baina bat bera ere ez da desirarekin parekagarria. Ondotxo dakigu bakoitzak gure bizitzan inondik ere desio ez genituen zenbat gauza baimendu eta onartu ditugun konpromisoz, ondorioen kezkagatik edo (gaizki ulertutako) bakearen izenean.

«Bai da bai» esaldiak urduri jarri du egitura, eta lasaigarri bezain kezkagarri da hori. Lege aldaketa posiblearen aurrean larritzen direnekin pentsatzen dut, ea nola izan lezakeen inork zalantza, berarekin oheratu den norbait gogoz kontra aritu ote den (besterik da gero damutu izana). Nola egin daiteke larrutan zurekin egin nahi ez duen norbaitekin?

 

«Galdera berria da, zergatik zaigun desiragarri besteak eman nahi ez duena jasotzea»



Eta aldebakarreko desio hori inposatzeko gai eta are, bestearen desio edo desio falta kontuan ez hartzeko gai egiten gaituen nagusikeriaren bila, neure buruari galdetzen diot zenbat haur txikiren musu jasoko nituen konpromisoz emanak, gurasoek eskatuta emanak edo egoerak behartuta emanak; emanak baino hartuak direnak, finean. Gaur da halakorik jaso nahi ez dudan eguna.

Galdera berria da, zergatik zaigun desiragarri besteak eman nahi ez duena jasotzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!