Orduan, «zer izatea nahi duzu?» galdetuko zioten bueltan. Eta berak, «osasuntsua» erantzungo zuen automatikoki, baina barrurantz pentsatuko zuen erantzun zuzena ez ote zen «zoriontsu»; gaitz bat gora-behera, bizipozik ukatuko ez bazion moldatuko baitziren.
Urdina edo arrosa jakin nahian garatzen ziren elkarrizketa antzu horietan guztietan, itxiera bera heltzen zen beti: «Etor dadila ondo, behintzat». Eta orduan ere, triparen jabeak zalantza egingo zuen bere baitara, zer ote den «ondo» eta nork erabakitzen ote duen zer den «ondo etortzea». Izan ere, denok ez daukagu izateko, sortzeko, etortzeko modu bera, eta hori hala izanik, «ondo» horren baitan ulertzen dena mugatu eta uniforme xamarra ez ote den pentsa lezake batek.
Amniozentesia eta zenbait froga eskura ditugun garaian, zenbait osasun arazo saihestea jartzen da jomugan, beste zenbait jaio ostean aurkitu beste biderik ez den artean. Eta arazoren batekin «etorri» den haur horrek, gerora arazo bat etorri zaion edonork bezala, ez ote lukeen datorren moduan ondo hartuko duen jendarte eta mundu bat merezi. Hori ere pentsatuko luke batek. «Etor dadila ondo» horren atzetik, «har dezagula ondo, datorren bezala» erantsiko luke. Baina ez daki prest dagoen bizitzaren zozketa horretako txartelak dituela onartzeko.
«Zorionez, bizipozerako bidea koskaz betetzen duten gaitz eta ezbeharren bueltan, badira jende sare ederrak, elkartetan antolatuak zein euren inguruan eragile direnak»
Zorionez, bizipozerako bidea koskaz betetzen duten gaitz eta ezbeharren bueltan, badira jende sare ederrak, elkartetan antolatuak zein euren inguruan eragile direnak. Denontzat behar lukeen mundu hori heltzeko zailtasunak dituztenei eskura jartzea delako gure egitekoa. Horretarako lehen pausoa izan liteke mundua denontzat ez dela ohartzea, askoren egunerokoan muga diren errealitate desberdinez jabetzea, horien inguruan ikastea, horiekiko sentikortasunez eta elkartasunez nola jokatu ikastea. Zer behar dituzten ezagutzea izan daiteke abiapuntu, eta eurentzat irisgarria izango den bizipozerako bidea eraikitzea hurrengo pausua.
Bizipoza elkartearen lan eskerga da denontzat mundu bat irudikatzeko modu bat, eta zorionekoak gu, datorren astean Bizipoztu dantzan ikuskizuna eta Bizipoza jaia izango ditugulako Aiztondo bailaran, Villabonan. Datozen bezala datozela ere, haurrek euren bidea egiteko aukera izan dezaten, ondo hartu ditzagun. Eta osasun kontuak gorabehera, edozein gurasok zein senidek erantzun ahal izateko «zoriontsu», zalantzarik gabe. Ekainaren 17an eta 18an, Bizipoztu gaitezen!