Eta jaiotzetikoak omen diren eskubideak oraindik aldarrikatu behar ditugunean, kaleak hartzen ditugunean, gugan jartzen da arazoaren ardura. Izan ere, ahalduntze handia eskatzen du normaltzat ditugun zenbait dinamikaren bidezkotasun ezaz lehenik ohartu eta bigarrenik salatzeak. Eta «bakearen izenean» isiltzea eskatzen digun mundu batean, ez zegoen tokian sestra sortzen du bere eskubideak exijitzen dituen komunitateak. Egoera bidegabeen indarkeria ikusezina eta neutroa zaigunez (edo hala aurkezten zaigunez), horren aurkako oihua bera erasotzat hartzen dute neutraltasunaren jabeek.
«Egoera bidegabeen indarkeria ikusezina eta neutroa zaigunez (edo hala aurkezten zaigunez), horren aurkako oihua bera erasotzat hartzen dute neutraltasunaren jabeek»
Aldarri horrek egoera deserosoak sortzen ditu, ahalduntze eta euskahalduntze handia eskatzen dute uneoro, justifikatu egin behar baitiogu gainean dugun zapata zolaren jabeari ez garela zangotraban ari, baizik bera ari dela gure gainetik pasatzen. Eta hori onartzea zaila da, erruak geureganatzea kostatzen zaiguna baino gehiago kostatzen zaigulako besteen gainean kokatzen gaituen sistemak eman dizkigun pribilegioez lehenik ohartzea eta bigarrenik askatzea.
Eta zapalkuntza normalizatu horrek, hasieran geureganatu eta besterentzen ditugun adibide gisa eman ditudan meritu eta erruak irauli egiten ditu. Horrela, emakumeak gara gizonei espazioa ukatzen diegunak eta euskaldunok gara, gure hizkuntza eskubideak aldarrikatzean besteei gure hizkuntza ez jakiteko eskubidea urratzen diegunak (azken hori ere eskubidea bailitzan babesten baitute, azken ebazpen judizialek).
Kontuz ez bagabiltza, sinetsi egin dezakegu. Adituak gaia dagokion markoan kokatzen entzun arte, interpretazio horien atzean dagoen zapalkuntzaren ukazioa bistaratzen diguten arte, lipar batez, norbaiti bere eskubidea mugatu diogula sinestera hel gaitezke; benetan, gure eskubideen aldarria urrunegi eraman ote dugun eta beste batzuen askatasuna mugatzera hel ote daitekeen sentitzera hel gaitezke. Eta horrek, gure giza eskubideak bezalaxe, gure hizkuntza eskubideak besterendu ditu. Eta berriz besteren, gu.