Modu originala iruditzen zait eskuzabaltasuna eta norberekoikeria sailkatzeko. Batzuk hartzaile unibertsal, besteak emaile unibertsal. Harremanetan, baina, ematea ez da beti ona, eta hartzea ere ez da beti txarra. Euskarak eman eta harturekin osatzen dituen aditzen artean, badira Elizariren definizioa iraultzen dutenak ere. Emailea izan zaitezke, baina min ematekotan hobe ezer ez eman. Askotan min ematea bera ez ote dator ba jarrera zeurekoi batetik?
Bestetik, hartzeak zerbait gureganatzea esan nahi du, baina dena ez da kargu hartzea. Ongi hartzen jakinez gero, hartzea da oraintxe premiazkoen zaigun jarrera: harrera herria litzateke eskuzabalen. Euskarak ondo bereizten baititu, ez kasualitatez, eskuzabal eta eskuluze. Hartzaile unibertsalak izan behar genuke datozenekiko, batez ere talde zaurgarrienekiko.
Emaile hitza ere ederki geratzen da, donazioaren adiera hartzen duelako. Odol emaileen kanpainei esker izan liteke hori. Baina esaterako, zer deritzozue iritzi emaile unibertsalez? Eskatu gabeko iruzkin horiek ustez asmo txarrik gabe helarazten dizkizun jende klaseaz ari naiz (ez da asko, «asmo onez» eta «asmo txarrik gabe» bereizten ikasi dudala). Aholkuz mozorrotuta batzuetan, gomendioz jantzita bestetan, kontrol usaina darien aipu itxuraz ez-erasokorrak. Funtsean, ordea, zure jarrera, itxura eta askatasuna bera zedarritzen duten marrak ari zaizkizu jartzen bueltan. Adibide nabarmen bat jartzeagatik, zer dira ba, kalean zoazela zure ezaugarri fisikoen inguruko iritziak ematen dizkizuten gizon horiek? Zer, eztabaida batean gai serio bat aletzen ari zaretela «irribarre gehiago egin behar zenuke» esatea?
«Modu originala iruditzen zait eskuzabaltasuna eta norberekoikeria sailkatzeko. Batzuk hartzaile unibertsal, besteak emaile unibertsal»
Iritzi emaile horiek ez ote diren emaile baino epaile unibertsal. Eta beste kontu bat litzateke nork ematen dien horretarako posizioa eta zilegitasuna. Edo ez ote den norberak hartzen duena. Ez da kasuala behintzat, ze gorputz mota bilakatzen dituen hartzaile.
Ni nekatu naiz hartzaile unibertsal izaten horrelakoen aurrean. Ahalegintzen naiz eman nahi didaten mina ez hartzen, esaterako. Hartu eta emanean nik hautatu nahi dut harremana noraino eta norekin, nor den (Rh) positibo eta nor ez. Bestearen beharren arabera egokituz. Elkarbizitzaren alde odolik ez emateko.