Egokitzapena

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2022ko irailaren 9a

Hozkailu eramangarria garajean, edo ganbaran gorde duzu, tupperren kaxoira itzultzeko. Atera duzu eguzkitako krema poltsatik, agenda sartzeko. Poltsan bezain erraz sartu zaizkizu iraila, ikasturtea eta lan-egutegia gorputzean. Erresistentzia jarriagatik, horien mende zabiltza berriz. Ohartzerako, uda ez da eskumuturrean pultserak utzi dizun marka hori baino, egunen errutinak berdinduko duena, tonu beltzarana apaldu ahala.

Bat-batean, ordea, lan egutegia kolokan jarri zaizu, iraila osoa egokitzapenerako uztea eskatu dizuetelako haur eskolan. Haurren erritmoen arabera, pixkanaka, gradualki itzuliko zarelako zure denbora antolatzera. Haurraren arabera izango zarelako zure denboraren jabe. Baina erloju eta egutegiek gutxi dakite denboraz.

Egitera behartzen gaituen sisteman, egotea asko kostatzen zaigu, erru-pizgarri zaigu. Errutinak ere ez du alferrik errua bere baitan. Egin beharrak ez baitigu egon behar dugula sentitzen dugun lekuan egoteko baimenik ematen.

Egokitzapena eskatzen zaigu, baina ez zaigu eskaintzen.

 

«Egitera behartzen gaituen sisteman, egotea asko kostatzen zaigu, erru-pizgarri zaigu. Errutinak ere ez du alferrik errua bere baitan. Egin beharrak ez baitigu egon behar dugula sentitzen dugun lekuan egoteko baimenik ematen»



Ez dakit zer moduzkoak zareten zuek lanak planifikatzen. Nik aurreikuspen irrealak egiten ditut, helezinak; deitu baikorra, deitu auto-exijentea, deitu inozoa. Baina neronek jarritako epeetara ezin iritsi aritzen naiz arrastaka, bete dezakedan helburu bat jarri ordez. Bi aukera ditut: egin nahi ditudanak nire gaitasunetara jaitsi, edo nire gaitasunak egin nahi ditudan gauzen parera eraman. Azken horrekin tematzen naiz askotan. Zin dagizuet saiatzen naizela.

Hala ere, akaso, ez nuke horretan indarrik xahutu beharko. Agian, geure buruari eskatzen diogunak behar luke egokitzapena: erritmo osasuntsu batera egokituz, gure bestelako beharrak kontuan hartuz, dedikazio bizigarri batera doituz.

Egokitzapen gradual eta pixkanakakoa, gure premien eta arduren artean. Bizitza egutegira egokitu ordez, ez ote genukeen egutegia egokitu behar bizitzara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!