Bitxia egin zait ohartzea, hizkuntza gureganatzen goazenean txertatzen dugun lehen atzizkia posesiboa bera izatea (eta hezitzaileek baieztatu didate ohikoena izaten dela). Niniak «ni» esaten ikasi aurretik adierazten du «nirea», bere izenari «-na» erantsiz bada ere, eskuarekin bularra (edo zilborra) kolpatuz. Hurrengo galdera litzateke, zergatik den ohikoena, nondik jasotzen duten horren garrantzia edo lehentasuna.
Ez daukagu sorbalden atzera begiratu beharrik; beste behin, (gure) txikiak ispilu zaizkigu. Eta jabetzen naiz zenbat bider azaldu diodan (gure) alabari berea ez den zerbait ezin duela besterik gabe hartu eta eraman; nola gogoratu diodan jabeari baimena eskatu behar diola, nola azpimarratu diodan besteena errespetatu behar duela; eta kontrara, nola eskatu diodan bereak zirenak parteka eta aska zitzan.
Eta okerragoa dena, jabetzen naiz arrazoi gisa ez diodala jartzen beste pertsona horrek behar duenik, edo erabiltzen ari denik… ez. Arrazoi gisa irteten zait jabetza bera: «Utzi hori, ez dun gurea», «Ekarri mugikor hori, aitatxorena dun»; esan beharrean: «Norbait ariko dun horrekin jolasean» edo «Puskatu egin dezaken eta behar din».
«Bi urteko txiki baten begiradatik hobeto ulertu nuen osasun sailburuaren hitzartzea, murrizketak eta zerbitzu publikoen desegite planifikatua 'kultura aldaketa' gisa izendatzen»
Jabetzaren kulturan hazi gaituzte, kulturaren jabetza gako jota. Eta horixe da ondorengoei hitzez ez baina jarreran helarazten dieguna. Bi urteko txiki baten begiradatik hobeto ulertu nuen osasun sailburuaren hitzartzea, murrizketak eta zerbitzu publikoen desegite planifikatua «kultura aldaketa» gisa izendatzen. Niniaren talaiatik ere ulertzen da hori osasuna ondasun gisa tratatzea dela, eta ez ogasun gisa. (Des)jabetze kultura baten aurrean gaude.