Zori(on)a

Erabiltzailearen aurpegia

Zoriona izan liteke une bat, irribarre bat; izan liteke eraikia, itxurakeria edo izan daiteke jarrera bat. Baina zoriona, izan, zoria da, batez ere. Eta nik zori ona izan dut. Zori ona da, zoriontsu zaren edo ez pentsatzeko aukera izatea bera. Zoriona da, inposatzen zaiguna ere.

«Zorionak» da azken hilabeteetan gehien entzun dudan hitza; eta «zoriontsu» da, azken asteotan gehien ezarri zaidan aditzondoa. Paradoxikoa irudituko zaizue, baina ustezko zoriontasuna gainetik erantzi ahal izateak asko lagundu dit sentipen, jarrera edo zori horretara gerturatzen. Bizi izan dudan iraultza fisiko, emozional eta intimo handiena iraultza publiko bilakatzen duen gizartean, identifikatuko ez gaituen zorion perfektua saltzen digute.

Entregaren, baldintzarik gabeko maitasunaren eta sakrifikazioaren gorazarre etengabean, zoriona antzeztu beste irtenbiderik ez du(gu) emakume askok. Merkatuak beldurrak ereiten dizkigu, konponbideak eskainiz etekinak biltzeko, uztan. Begiratu sare sozialak, ikusi iragarkiak: zorionaren apologia, distira, muxu zaporea eta Nenuko usaina (nola izango du ba amak izerdi, fardel edo esne-min usaina?!).

Mamu horri oihala eranzteko gai izan banaiz, ez da beste inor baino bizkorragoa naizelako; aitzitik, nire aurretik antzeko (eta guztiz desberdinak, ziur) esperientziak bizi izan dituzten emakume ausart askok amatasun ideala deseraikitzeko tresnak eman dizkidatelako da. Beste kontakizun bat jarri didatelako eskura, epairik eta errurik gabe nirea eraiki nezan. Zori ona baino gehiago da hori: elkartasuna da. 

Beste kontakizun bat jarri didatelako eskura, epairik eta errurik gabe nirea eraiki nezan. Zori ona baino gehiago da hori: elkartasuna da

Bihotzetik eskertu nahi ditut tabuei ahotsa jarri dieten guztiak. Sabeletik eskertu nahi ditut, amaren osasuna (ere) lehen lerroan jartzen duten konplize profesional eta nekaezinak. Erraietatik eskertu nahi ditut, denak egina zirudienean nire errehabilitazioa bideratu zuten lagunak. Zaintza sarea sumatu dut gure inguruan ehundua, etxeko zein lagunetatik hasi eta mendeetan atzeraino. Familia nuklearretik taldera, tribura. Beste hainbeste egitea zor dizuet denei, zutabe honetako aitortza xumetik hasita.

Zorionekoa ni, garai eta herri honetan jaio nintzelako, sendi eta lagunarte honetara; zorionekoa ni, euskaraz hezi nindutelako, eta euskarak uniformetasuna susmagarritzat jotzeko talaia eman didalako. Zorionekoa ni, beste askoren borrokari esker nire gorputzarekin egiten dudana erabakitzeko gai sentitu naizelako eta zorionekoa ni, borroka horri esker denok eta beti erabaki ahal izateko asko falta dela ikusten dudalako. Zorionekoa ni, beldur eta zalantzei aurre egiteko tresnak aurkitu ditudalako inguruko milaka emakumeen artean. Eta horrela, zuei esker, zoriontsu naizen ez dakidanean ere, zorionekoa naiz.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!