Etxeandiatarrak, onartzen hasi dira garbiketa lan horiek uste baino 'lan'ago direla; Etxezabaltarrek damu dute lorategi osoa zuhaixkaz hesitu izana inork begirik ez sartzeko (orain ezin baitute begirik atera); Etxezarretatarrek amonaren josteko makinari kendu diote hautsa, erosi ezingo dituzten aho-aurrekoak egiteko; Goienetxetarrek konstelazioak ezagutzen ikasi dute; Arretxetarrenean elkarrentzat zituzten harriak haritzen doaz pixkanaka; Etxeniketar haurrak pozik daude, gurasoekin ari direlako eskulanetan, sukaldean, bizitzan; Etxaidetarrek ogiaren bila kotxez joateari utzi diote eta herriko beste dendak deskubritu dituzte bidean; Etxeberriatarrak orain ari dira etxeaz jabetzen, lehen jabe izatera heltzeko ordu estrekin ez baitziren lotara baino iristen.
Ez dakit orain oso gaizki bizi garen; ez dakit, aurrez hain ondo bizi ginen ere. Ezagutu dugun mundu ordena iraulia dago eta beldurra eman arren, ez dakit iraultza baten premian ez zegoen aurrez: lanak egiten gintuen lehen libre, gero kontsumoak. Eta guk hautatu ditugu lotu gaituzten kateak, are diseinatu, apaindu, erosi; kateatzea guk hautatu dugula sinesteraino.
Denbora agenda dela sinestera heldu gara eta egutegia etetean bizitza eten zaigula sinetsarazi diogu geure buruari. Harritu egin gaitu udaberriak urteroko protokoloa mantendu izanak (nola ausartu da?), harritu egiten gaitu haurrek hazten jarraitzen dutela konprobatzeak eta zimurtzen ere erritmo berean goazela ikusteak. Ez baita denbora geratu, agenda baizik. Ahaztua genuen bizitza beste zerbait dela, egutegietan sartzen tematu arren, txiki geratzen zaizkiola.
Karlos Linazasorori irakurri nion kartzelaren tamainak ez duela zerikusirik askatasunarekin. Laster irekiko zaigu kalea, laster izango gara libre, gure ohiko presondegira itzultzeko. Baina honaino ekarri gaituen normaltasuna kolokan dago. Orain, denoi dagokigu alde okerrera erori ez dadin bultza egitea. Ezer ez baita, norberarena bakarrik.