Kukuluak, Ertzaintzaren makuluak

Erabiltzailearen aurpegia Oier Urkola 2018ko urriaren 8a

Kalamua zela eta ez zela, orain bi aste gure herrian izan zen polizia erromeriak ez zuen ez buru eta ez hanka; morboa eta sentsazionalismoa darien komunikabideak bazkatzea beste helbururik ez zuten ekintzak izan ziren. 

Bueno, eta egun batez bederen Harrelsonen gizonen pare sentitzeko aukera ematea sartu berri diren polizia gazteei, beren helikoptero eta guzti. Ertzaintzaren ibilera hau eta telebistako tertuliak ikusi eta gero, ez dakigu gure herria Mexikon edo Tolosaldean dagoen.

Hala behintzat, komunikabide horietan, goizeko ordu txikietan 75 urteko gizon batek airera egindako bi tirok eta aurkitutako bi kalamu landarek, bi eztabaida piztu dituzte nagusiki, bide batez, biak beharrezkoak; batetik drogen ingurukoa eta armen baimenei dagokiena bestetik. Hala ere, oharkabean pasa nahi izan dutenarekin jardun nahi nuke nik, polizia ereduarekin hain zuzen.

Europako herrialderik militarizatuenean (jendarmeak, foralak, nazionalak, ertzainak...) ez al dugu polizia ereduaren inguruan eztabaidatu behar? Ez al zaio poliziari desarmatzeko ordua iritsi? Ez al dugu euskal errepublikako polizia ereduaz hitz egin behar? Beharrezkoa al da? Onartezina dena zera da, poliziaren presentzia izatea, leku askotan bestelako arriskurik ez dagoenean, zerbait larria gertatzeko kausa; beste era batera esanda, ezer ez dagoen lekuan arazoak sortzen dituena.

Alde hemendik! dinamika, gero eta indar handiago hartzen ari da, ez dakit bidaltzea beharrezkoa den, iturginak ere beharko ditugu euskal errepublikan, eta desegitea hain modan dagoen urte hauetan, iturginen konpetentziak poztuko ninduke. Bitartean jarrai dezagun kantari, Eguraldi lainotsua hiriburuan: zenbat polizia bazter guztietan, et combien de voitures de police!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!