Badakizu arratsaldeko guraso-bileran Josuneren ama izango dela hitza hartzen lehena, irakasleak lehen hitza euskaraz egin eta ulertzen ez duelako. Medikuarengana joan eta harrerakoa euskaraz hasi zaizularik irribarrea atera zaizu baina itxarongelan eseri eta mugikorrean euskarara gaizki itzulitako seinalea ikusi duzunean barre ala negar egin zalantzan zaude.
Bazkalordua dela oroitu zara, porru-patatak dituzula bazkaltzeko, herriko bi zinegotzi elebakarrak direla eta munduari bost axola zaiola gogoratu duzun arte. Leihatilako arduradunari ez zaio gustatu eskaera euskaraz egin nahi izatea eta liskarra izan duzue. Iritsi da trena eta Joxan Artze etorri zaizu burura; bortxatua izan den pertsonak ezin duela errudun sentitu esan nahiko zenioke edo langileria ezin dela izan neoliberalismoak sortutako miserien arduradun.
Goizeko zazpiak dira ordea, bazkaria prestatzeko daukazu eta egin beharren zerrenda amaigabean ez daukazu Joxerentzat lekurik.