Garai honetan ezagutu nuen Joxe, ni baino dezente zaharragoa izanagatik beti gertuko sentiarazi nauen pertsona.
Herrigintzan, herriko jaietan edo kirol saio batean, laguntza eskatu diogun aldiro beti prest agertu izan da. Argi adierazi izan digu norberaren interesak baino kolektiboarenak lehenetsi behar direla eta inork lehen lerroan aritu behar badu beharrezkoa dela beste bat atzeko lerroan aritzea. Momentu gozoetan baino zailetan nabarmentzen den horietakoa da Joxe, sarri bere beharrak bazterreratu izan baditu ere.
Ez da hitz askoko gizona, baina nahikoa du begiratua zer sentitzen duen adierazteko; akaso ez du jendaurrean beste askok izaten duten hitz jariorik izango baina lagunartean lezio ederrak eman dizkit niri. Akatsak eginagatik beti aurrera egin behar dela irakatsi izan digu eta bereziki, gure kontraesanak aurrera egiteko oztopo baino akuilu behar dutela izan.
Gaurkoan Joxe aipatu badut ere gure eskualdeko 28 herritako gizon emakume asko aipa nitzakeen, egunkarietako lehen lerroetan agertzen ez badira ere azkeneko orrialde hauetan leku txiki bat izan dezaten nire idoloek.