Harrigarria da horrelako egun batek herrian zer giro sortzen duen ikustea eta baita, herritarrek egun guztian zehar zenbat lan egiten duten ikustea ere.
Beste herrietan ez dakit nola funtzionatzen duen horrelako egun batek, gurean, kuadrilla ezberdinetako kideek batzorde bat osatzen dute egunean zehar arazorik izan ez dadin. Ardura guztiak kuadrillen artean banatzen dira: bazkaria prestatu, zerbitzatu, txupinazoa egin, jokoak antolatu… guztiek izaten dute zereginen bat. Zero zabor filosofiarekin ere bat egiten du egun honek eta azkeneko urte hauetan norberak etxetik eramaten ditu bere platera eta edalontziak, pentsa, 350 lagun inguru izaten gara.
Irudimena eta umorea nagusi izaten diren egun honetan, goizeko 10:00etan emango diogu hasiera egunari kuadrillen arteko batel lehiaketarekin eta goizaldeko ordu txikiak arte pike berdinarekin jarraituko dugu. Bazkaldu eta afaldu, jokoetan parte hartu, elektrotxarangarekin gozatu eta Dj Bullen dantzaldi amaigabean barneratu nahi duen edozeinek gonbita luzatua dauka, ongi etorri eta disfrutatu!